Mundua -
Parisko goi-bilera
Segurtasuna nagusi Parisen, klima aldaketaren bilera hartzeko
Hollanderen aburuz, goi-bileran lortu nahi den adostasunak "ez du sinesgarritasunik izango", baldin eta lotesle bihurtuko duten elementu juridikorik ez badu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Aldaketa klimatikoari aurre egiteko akordioa lortzen ahaleginduko dira mundu osoko 200 herrialde inguru azaroaren 30etik abenduaren 11ra bitartean, Parisen. Helburua itun bat adostea da, mende bukaeran planetaren tenperatura ez dadin bi gradu baino gehiago igo. Klima aldaketari buruzko Nazio Batuen Erakundeko aditu-taldearen esanetan, tenperatura bi gradu baino gehiago igotzen bada, gizakiak eragindako aldaketaren ondorioak katastrofikoak eta atzeraezinak izango dira Lurrarentzat. Hauek dira Parisko klima aldaketari buruzko goi-bilera ulertzeko gakoak.
Igande arratsaldean, klimari buruz Perun egin zen azken goi-bilera hizpide izango dute Pulgar Vidal Peruko Ingurumen ministroa buru dutela eta, segidan, negoziazio teknikoei ekingo diete. Bihar, astelehena, mundu osoko hainbat estatuburu eta gobernuburu elkartuko dira Parisen, negoziatzaileen lanari bultzada politikoa emateko asmoz.
Guztira, mundu osoko 147 estatuburu eta gobernuburu elkartuko dira Parisen, tartean, baita Mariano Rajoy eta François Hollande Espainiako eta Frantziako presidenteak ere. Azaroaren 13ko Parisko atentatuak eta estatuburu eta gobernuburuen presentzia tarteko, segurtasun neurriak indartu dituzte Parisen.
Estatuburuak eta gobernuburuak babesteko 2.800 poliziak eta jendarmek (15.600 eskualde osoan) lan egingo dute, eta horiei Nazio Batuen Erakundeko segurtasun agenteak eta agintari bakoitzak berekin eramango dituen segurtasun langileak gehitu behar zaizkie.
Astelehenetik aurrera autoa eta, ahal den neurrian, garraio publikoa ez erabiltzea eskatu diete Frantziako agintariek herritarrei. Gainera, hiriko bi aireportu nagusiak (Charles de Gaulle eta Orly) Le Bourgeten lotzen dituen errepide nagusiak ordezkaritza ofizialentzat erreserbatuta egongo dira. Horrez gain, eta Parisko atentatuen ondotik Frantzian ezarrita dagoen larrialdi egoera tarteko, manifestazioak eta mobilizazioak debekatuta daude.
Parisko goi-bilerak mundu osoko herrialdeen arteko borondateak eta marra gorriak bateratzea eta beto saiakerak eragoztea lortu nahi omen du goi-bilerak. Ildo horretan, negutegi efektua eragiten duten gas isuriak murrizteko konpromisoa hartu dute mundu osoko 183 herrialdek.
Inoiz ez da klima aldaketari buruzko ituna lortzeko horren aldekoa den egoera politikorik izan: Txinak eta AEBk beroketaren aurka borrokatzeko akordio bat hitzartu dute; eta G7ko herrialdeek adierazpen bat igorri dute 2100 urterako erregai fosilekin bukatzeko. Laurent Fabius Frantziako Atzerri ministroa itxaropentsu agertu da: "Egutegia ez da inoiz hain aldekoa izan, eta inoiz ez dute hainbeste estatuburuk eta gobernuburuk akordioa lortzeko borondaterik agertu".
Aste honetan bertan Nazioarteko Meteorologia Erakundeak argitaratutako txosten baten arabera, 2015a inoizko urterik "beroena" izan daiteke.
Hollande: "COP21eko akordioa ez bada loteslea, ez du sinesgarritasunik izango"
François Hollande Frantziako presidenteak azpimarratu duenez, COP21eko goi-bileran lortu nahi den adostasunak "ez du sinesgarritasunik izango", baldin eta lotesle bihurtuko duten elementu juridikorik ez badu.
"Anbizio handiko akordio batek loteslea izango dela esan nahi du, baldin eta elementu loteslerik ez badu, ez du sinesgarritasunik izango eta".
Ehun atxilotu
Ehun lagun inguru atxilotu dituzte igande honetan Parisen, azaroaren 30etik abenduaren 11ra bitartean Frantziako hiriburuan egitekoa den klima aldaketari buruzko goi-bileraren harira antolatutako protestatan.
Ingurumen ekintzaile andana elkartu da Parisko Errepublika plazan, manifestazioak egiteko ezarritako debekuari aurre eginez.
Izan ere, Parisko atentatuen ondotik Frantzian ezarri duten larrialdi egoeraren harira, debekatuta dago manifestazioak egitea.
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ordezkaritzak bidaliko dituzte
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Foru Gobernuak ordezkaritza bidaliko dute Parisko goi-bilerara. Jaurlaritzaren eta Foru Gobernuaren ordezkariak datorren asteburuan joango dira Parisera, Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua eta Isabel Elizalde Nafarroako Landa Garapeneko, Toki Administrazioko eta Ingurumeneko kontseilaria buru dituztela.