Mundua -
Lesbosera (Grezia) bidean
14 errefuxiatu, tartean zazpi ume, ito dira Mediterraneoan
Turkiako kostaldetik Lesbos uhartera zihoazen, baina ontzia hondoratu egin da. Turkiako itsas patruilek 27 bidaiari salbatu dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Gutxienez 14 errefuxiatu, tartean zazpi ume, hil dira gaur Mediterraneo itsasoan. Turkiako kostaldetik abiatu dira, eta ontzia Lesbos (Grezia) uhartera bidean hondaratu da.
Turkiako itsas patruilek 27 bidaiari salbatu eta 14 gorpu atera dituzte uretatik, Hurriyet egunkariak jakinarazi duenez.
Errefuxiatuen jatorria ez dute zehaztu, baina Siriakoak edo Irakekoak direla uste dute. Egurrezko ontzi batean atera dira Ayvacik herritik (Turkia), 10 kilometroko zabalera duen itsasadarra gurutzatzeko asmoz.
Hasiera batean, bidaiarekin jarraitzea erabaki dute, nahiz eta ontzia hondoratzen hasi dela antzeman, baina itzultzen saiatu direnean ez dira Turkiako kostaldera heldu, Hamza Erkal Canakkale probintziako gobernadoreak azaldu duenez.
Bi milioi errefuxiatu Turkian
Siriako bi milioi errefuxiatu Turkian daude. Horien % 10 Estatuak jarritako kanpamentuetan bizi dira eta gainerakoak euren kasa ari dira herrialdean bizirik irauten.
Nahiz eta kanporatzeko arriskurik ez izan, errefuxiatuen estatusa lortzerik ez dute siriarrek, ezta legez lan egiteko aukerarik ere. Ondorioz, Greziara heltzen saiatzen dira asko, Europa iparraldera heltzeko lehenengo etapa bezala.