Mundua -
Errefuxiatuen drama
Errefuxiatuak birkokatzeko prozedura onartu du Europako Parlamentuak
Talde handien babesa izan du ekimenak eta gehiengo zabalez onartu dute. Hala ere, Hungaria, Txekiar Errepublika, Eslovakia eta Errumania kontra daude
Agentziak | Erredakzioa
Italiara, Greziara eta Hungariara heldutako 120.000 errefuxiatu Europar Batasuneko gainerako herrialdeetan banatzeko prozedura onartu du gaur Europako Parlamentuak.
Urgentziazko prozedura erabili du Martin Schulz Europako ganberako presidenteak bozketa egiteko, eta talde handien babesa lortu du.
Ebazpenak aldeko 327 boto eta kontrako 124 jaso ditu; 54, berriz, abstenitu egin dira.
Botoa eman aurretik, Frans Timmermans Europako Kontseiluko presidenteordeak eskerrak eman dizkio Europarlamentuari "egoeraren premiazkotasuna ulertzeagatik".
"Orain Kontseiluak ekimena hartu behar du. Giza agintea da. Kontua ez da muga guztiak irekitzea, baina ezin ditugu ahaztu gure baloreak eta nortzuk garen. Ezin dugu beste aldera begiratu gerra egoeratik ihesi doazen pertsonen aurrean", gaineratu du Jean-Claude Juncker presidentearen ondokoak.
Batzordeak proposatutako kota sistema errefusatzen duten estatu kideen artean Hungaria, Txekiar Errepublika, Eslovakia eta Errumania daude.
Hala ere, neurria hartzea Europar Batasunaren Kontseiluaren esku dago, baina Europarlamentuaren oniritziaren ostean soilik hartu zezakeen.