Mundua -

Errefuxiatuen krisia

Hungariak muga itxi du eta siriarrei soilik aitortuko die asiloa

Migrazioari buruzko legedia berria indarrean sartu baino ordu batzuk lehenago hartu du erabakia Gobernuak.

Errefuxiatuak Austria eta Hungaria arteko mugan. Argazkia: EFE
Errefuxiatuak Austria eta Hungaria arteko mugan. Argazkia: EFE
Gauerditik hasita segurtasun neurriak zorroztu ditu Hungariak

1:28

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hungariako gobernuak ateak itxi dizkie errefuxiatuei eta dokumentazioa duten siriarrei soilik aitortuko die asiloa. Hungariak mugak ixtea erabaki du ezustean, migrazioari buruzko legedia berria indarrean sartu baino ordu batzuk lehenago.

Gobernuak erabat blokeatu du Serbia eta Hungaria arteko errefuxiatuen pasabide nagusia, mugara poliziak bidalita. Errefuxiatuek Serbiatik Hungariara igarotzeko erabiltzen duten trenbidearen gainean kokatu dira dozenaka polizia eta helikoptero batek airetik kontrolatzen du ingurua.

Hungariako Poliziak pasabide nagusi horretatik kilometro batera dagoen Horgos 2 pasagune ofizialera bidali ditu errefuxiatuak; behin bertara iritsitakoan talde txikitan Hungarian sartzea ahalbidetzen diete errefuxiatuei.

Mugaren itxiera ezustean gertatu da 16:30ak aldera; izan ere, mugak gauerdian ixtea aurreikusten zuten adituek behin migrazioari buruzko legedi berria indarrean sartutakoan. Legedi horren arabera, legez kanpo Hungariara sartu nahi duten errefuxiatuak atxilotzeko eta kartzelara bidaltzeko eta asilo eskatzaileak atxilotzeko edo kanporatzeko eskumena izango du Gobernuak.

4.300 soldadu bidali ditu Gobernuak mugara eta litekeena da astearte honetan larrialdi egoera ezartzea zonaldean, "migrazio oldeagatik".

Bestalde, irailaren 10az geroztik Hungariako aire espazioa partzialki itxita dago Serbiako mugan. Aipaturiko eremu hori segurtasun eta defentsa indarrek eta Poliziak soilik erabili ahal izango dute, baina ez dio zibilen garraioari eragingo.

Austria eta Alemania arteko tren-zirkulazioa, martxan berriro

Austria eta Alemania arteko tren-zirkulazioa igande arratsaldean eten zuten errefuxiatuen etorrera geldiarazteko. Ia-ia normaltasunez funtzionatzen ari da berriro, Deutsche Bahn (DB) Alemaniako tren konpainiak gaur jakitera eman duenez.

Salzburgo (Austria) eta Munich (Alemania) arteko tren-zirkulazioak bakarrik etenda jarraitzen du oraindik pertsonak trenbidean daudelako, DBko bozeramaile batek erantsi duenez.

Alemaniako buruzagiek bi estatuen arteko zirkulazioa etetea eskatu zuten. Neurriak ez die bakarrik errefuxiatuei eragin, turistei eta beste erabiltzaileei ere.

Alemania Austria muga efe

Alemania eta Austria arteko muga. Argazkia: EFE

Austriak Armada mugara bidali du

Poliziari laguntzeko Hungariako mugara Armada bidaltzea erabaki du Austriak.

Segurtasun indarren helburua errefuxiatuak kontrolatzea izango dela goraipatu du Werner Faymann Austriako kantziler federalak Vienan. Hala ere, beharrezkoa izango balitz errefuxiatuei laguntza humanitarioa eskainiko diete.

2.200 bat soldadu mugatik gertu bidaliko dituzte errefuxiatuak kontrolatzeko eta pertsonen sarrera “ordenatua” bermatzeko, Reinhold Mitterlehner kantzilerrordeak erantsi duenez.

Gaur arratsaldera arte ia 9.000 pertsona iritsi dira Nickelsdorfeko muga pasabidera, Austria eta Hungaria arteko mugan. Errefuxiatu gehienen asmoa autobusa edota trena hartu eta Alemaniara heltzea da.

Auto-ilarak

Reichenhalleko mugan, Alemaniako hegoaldean, hiru kilometroko auto-ilarak izan dira goizean. Mugetan kontrolak berriz martxan jarriko zituela iragarri zuen Alemaniako Gobernuak igandean.

25 kilometroko auto-ilarak izan dira egunean zehar Austriako Linz hiria eta Alemaniako Passau hiria lotzen dituen autobidean. Antzerako egoera bizi izan dute Salzburgo inguruan, Reichenhall hiri alemaniarrerako bidean.

Poliziaren arabera, autobideak errei bat gutxiagorekin geratu dira poliziek mugetan kontrolak egin ahal izateko. Bestalde, Poliziak errefuxiatuen hiru trafikatzaile atxilotu ditu Freilassingo mugan, segurtasun indarren bozeramaile batek jakinarazi duenez.

Theo Francken Belgikako Migrazio Estatu idazkariak gaur ziurtatu duenez, aldi baterako mugak ixtea ez dute baztertzen, Alemanian gertatu bezala errefuxiatuen etorrera masiboa gertatzen baldin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albiste garrantzitsuak EB Alemania Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Siriar errefuxiatuak Europan albisteak Austria Hungaria gaur Eskuin muturreko mugimenduak