Mundua -
Egipto
Estatu Islamikoak 21 kristau egiptoar hil ditu
Egiptoko Elizak hilketak baieztatu ditu eta Abdelfata al Sisi Egiptoko presidenteak adierazi du hilketei 'iruditzen zaien moduan' erantzuteko aukera gordetzen dutela.
Erredakzioa
Estatu Islamikoak 21 kristau egiptoar hil dituela baieztatu du Egiptoko Elizak eta Albdelfata Al Sisi Egiptoko presidenteak zazpi dolu egun izendatu ditu, MENA Egiptoko albiste agentzia ofizialak berri eman duenez. Halaber, Al Sisi presidenteak larrialdiko bilera bat deitu du bideoaren egiazkotasuna egiaztatzeko.
Abdelfata al Sisik adierazi duenez, hilketei "iruditzen zaien moduan erantzuteko aukera" gordetzen du haren herrialdeak.
Estatu Islamikoak, ustez, 21 kristau egiptoarren heriotza erakusten duen bideoa argitaratu du igande honetan.
Antza denez, jihadistek abenduan eta urtarrilan bahitu zituzten Libiako Sirte hirian.
Gaur zabaldutako irudi horietan, beltzez jantzitako gizonak ageri dira bahituen alboan, itsas bazter batean. Bahituek laranja koloreko jantzia daramate soinean eta belaunikatzera behartzen dituzte bahitzaileek, lepoa moztu aurretik.
Bideoak "Odolez beteriko mezu bat gurutzearen herriarentzat" du izena, 5 minutuko iraupena du eta bertan jihadistak "Egiptoko Eliza etsaiaren jarraitzaileei" zuzentzen zaie.
Bahituei lepoa moztu aurretik, milizianoetako bat kamerari zuzentzen zaio: "Zuen gurutzatuen segurtasuna ilusio bat baino ez da".
Egiptoko presidenteak premiazko bilera bat deitu du
Abdelfata Al Sisi presidente egiptoarrak premiazko bilera bat deitu du bideoaren egiazkotasuna egiaztatzeko.