Mundua -
Bilera Europar Batasunean
Siriaren 'arazo larria' konpontzeko laguntza eskatu du Arabiar Ligak
Europako Ganberaren Atzerri Gaietako batzordearen aurrean egindako hitzaldian, herrialdean su-etena beharrezkoa dela defendatu du erakundeko idazkari nagusiak.
Erredakzioa
Nabil al-Arabi Arabiar Ligako idazkari nagusiak laguntza eskatu dio gaur Europar Batasunari, Siriaren "arazo larria" konpontzeko, herrialdean egoera egonkortu eta demokrazia berriro ezartze aldera.
Europako Parlamentuaren Atzerri Gaietako batzordean agerraldia egin du Al-Arabik. Hitzaldian nabarmendu duenez, Damasko "ia erabat suntsituta dago".
"Bihotza apurtzen zait hondamendi historiko eta giza galera hau ikusita, eta 13 milioi errefuxiatu daudela jakinda", esan du Arabiar Ligako buruzagiak. Hain justu, "Europar Batasunak errefuxiatuekin erakutsitako eskuzabaltasuna" eskertu du Al-Arabik, baina laguntza gehiago behar dutela azpimarratu du.
Horren ildoan, herrialdean su-etena ezartzea ezinbestekoa dela nabarmendu du buruzagi arabiarrak, eta Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluko hainbat herrialdek (Txina eta Errusia, esaterako) horri betoa ezarri izana deitoratu du.
"Ez al du uste EBk su-etena eskatzeaz edota giza laguntza bermatzeaz ari bagara baztertuta egon beharko litzatekeela betoa erabiltzeko aukera?", galdetu die Europako parlamentariei.
Al-Arabik Europar Batasuneko Atzerri ministroek atzo egin zuten goi-bileran parte hartu zuen. EBren eta Arabiar Ligaren arteko elkarlana handitzearen alde agertu ziren bi aldeak, eta EBk herrialde arabiarrekin duen harremana hobetzearen alde, jihadismoaren arazoari aurre egiteko.