Mundua -
Ebola
Abenduan bi txerto Afrikan probatzen hasiko da Osasun Erakundea
Saioak Liberian hasteko asmoa dutela eman du jakinera Munduko Osasun Erakundeak. Bestalde, New Yorkeko ospitalean dagoen medikuak positibo eman du ebolaren bigarren proban ere.
Erredakzioa
Abenduan ebolaren aurkako bi txerto Afrikan probatzen hasteko asmoa du Munduko Osasun Erakundeak. Entseguen bigarren fase batean, txertoen eraginkortasuna egiaztatu nahi dute.
Saiakuntzak Liberian hasteko asmoa dutela azaldu du Marie Paule Kieny Osasun Erakundeko zuzendariaren ondokoak. Bestalde, Sierra Leonako eta Gineako buruzagiekin hitz egiten hasi direla zehaztu du, herrialde horietan ere txertoa probatzeko.
Osasun Erakundeak bilera batera deitu ditu industria farmazeutikoak eta herrialde garatuetako zein ebolak jotako estatuetako ordezkariak. Txertoen inguruko alderdi garrantzitsuak eta produkzioa aurrera eramateko finantziazioa eztabaidatu dituzte. Eta Kienyk jakinarazi duenez, dohaintzarako herrialdeek, Munduko Bankuak eta Gavi txertoen aliantzak egitasmoa finantzatzeko borondatea azaldu dute.
Positiboa New Yorken
Bestalde, New Yorkeko ospitalean dagoen medikuak positibo eman du ebolaren bigarren proban, Mary Basset hiriko osasun arduradunak gaur iragarri duenez.
Craig Spencer medikuak lehen proban positibo eman zuela baieztatu zuten bart New Yorkeko agintariek. Spencer Ginean lanean aritutakoa da.