Mundua -
Gatazka Ukrainan
Tropa errusiarrak Ukrainara sartu direla baieztatu du Kievek
NBEko Segurtasun Kontseiluak larrialdiko bilera deitu du krisia aztertzeko. Europar Batasunak krisiari erantzuna ematearen "beharra" azpimarratu du, eta areriotasunei uzteko eskatu dio Errusiari.
Erredakzioa
Ukraina ekialdeko Novoazoysk hiria, Errusiarekin muga egiten duena, blindatu errusiarren bi zutabek hartu zutela salatu du Kievek.
Ejertzito ukrainarrak "unitate militarrek, Barne Ministeriokoek eta Mugako Guardiakoek atzera egin zezaten" agindu zuen, "soldadu ukrainarren bizitzak babestu eta indarrak eta baliabideak batzeko".
Ukrainako Segurtasun Nazionaleko eta Defentsako Kontseiluak, gainera, matxinoak dauden fronte ia guztietan Errusiako tropak daudela salatu du.
"Azken astean, Lugansk, Krasnodon eta Antratsit hirietako milizianoen unitateak Errusiako Ejertzitoko tropek ordezkatu dituzte", kritikatu du.
Petro Poroshenko presidente ukrainarrak "tropa errusiarrak Ukrainan" zabaldu izana gaitzetsi du. Armamentuz kargatutako tropa errusiarrak Ukrainako lurretan sartu direla esan du presidenteak, baina herrialdearen ekialdeko egoera militarra "jasangarria" dela zehaztu du.
"Teknika militar indartsuekin sartu dira Errusiar Federazioko unitate erregularreko arma eta tropa ugari", zehaztu du Ukrainako Segurtasun Nazionalerako eta Defentsarako Kontseiluan.
"Ukrainako egoerak bat-batean okerrera egin izana baloratu behar du munduak", esan du Poroshenkok.
NATOren arabera, 1.000 soldadu errusiar baino gehiago daude Ukrainan
NATOren kalkuluen arabera, Errusiako mila soldadu baino gehiago daude Ukraina ekialdean, errusiazaleen aldetik eraso egiten.
"Matxinoen alde dauden eta haiekin batera edo banaka borroka egiten duten mila soldadutik gora daude Ukrainan", azaldu du erakundeko iturri batek, anonimotasunetik.
Gainera, Errusiak matxinoei "arma gehiago eta kalitate altuagokoak" eman dizkiela adierazi du.
NATOren adierazpenen oinarrian daude Belgika hegoaldeko SHAPE operazio aliatuen kuartelak argitaratutako abuztu amaierako sateliteko irudiak. Horietan "Errusiako indarrak Ukrainako lurraldean operazio militarretan parte hartzen" ikusten dira.
Artilleria unitateak konboi eran Ukrainako lurretatik igarotzen ere ageri dira, eta, geroago, "Krasnodonen erasorako prestatzen".
"Azken bi asteetan Errusiaren aldetik arma kopuruaren eta kalitatearen igoera handia nabarmendu dugu Ukrainan", zehaztu du iturriak.
NATOko ordezkariak gaur bilduko dira Ukrainako egoera aztertzeko, Errusiako tropak herrialdean sartu direla jakin ostean, diplomaziako iturrien arabera.
Goizeko lehen orduan bilduko dira ordezkariak, eta NATO-Ukraina bilera izango da gero, Ihor Dolhov Ukrainako enbaxadoreak eskatuta.
Obama eta Merkel
Barack Obama AEBko presidenteak eta Angela Merkel Alemaniako kantzillerrak Errusiari egotzi diote Ukrainan indarkeria areagotzeren erantzukizuna. Kieveko Gobernuak soldadu errusiarrak Ukrainan sartzea salatu izana jarri dute indarkeria oldearen froga gisa.
Obamak eta Merkelek Ukrainako egoeraz hitz egin dute ostegun honetan, eta Obamaren esanetan bi agintariak ados daude: "Errusia da Ukraina ekialdeko indarkeriaren erantzulea".
AEBk eta Europar Batasunean dituen aliatuek Errusiaren kontrako "pauso berriak" emango dituztenaren itxaropena agertu du Obamak. "Ez dugu ikusi Errusia hau bide diplomatikoa erabilita konpontzeko prest dagoenik", azaldu du. Bestalde, orain arte Errusiari ezarritako zigorrak "eraginkorrak" izan direla eta herrialdea "bakartuta" utzi dutela nabarmendu du.
Bestalde, datorren hilabetean Petro Poroxenko Ukrainako presidentea Etxe Zurian hartuko duela iragarri du. Azaldu duenez, aurrez aurreko bilera horretan Ukrainako krisia izango dute hizpide.
Errusiak ukatu egin du Ukrainara sartu izana
Errusiako Defentsa Ministerioak ukatu egin du gaur unitate militarrak dituenik Ukrainan, Petro Poroshenkok eta NATOk salatu duten moduan.
"Informazio horrek ez du errealitatearekin zerikusirik", esan du Igor Konashenkov generalak.
Donetsk eta Lugansk eskualdeetan gudan ari diren ustezko milizia errusiarren zerrenda "gezurrezkoa" dela esan du generalak.
Unitate gehienak euren ohiko egoitzetatik urrun maniobra taktikoak egiten ari direla onartu du Konashenkovek, baina hori edozein Ejertzitorentzat "ohikoa" dela esan du.
NBEren larrialdiko bilera
Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak larrialdiko bilera deitu du gaur Ukrainako krisia aztertzeko, tokiko ordezkaritzak egindako eta Lituaniak babestutako eskaerari erantzunez, Nazio Batuen prentsa bulegoak jakinarazi duenez.
Bilera baino lehen, Ukrainak salatu du Errusiako tropak sartu direla herrialdean; Kremlinak, ordea, gezurtatu egin du.
Yuriry Sergeyey NBEko ordezkari ukrainarrak esan du bilera eskatu dutela herrialdearen egoerak "okerrera" egin duelako eta "lurraldearen batasunari egindako mehatxua" aztertu nahi dutelako.
Gainera, adierazpen bat egin ahal izateko, Segurtasun Kontseiluan parte hartzen uzteko eskatu du.
EBk areriotasunak uzteko eskatu dio Errusiari
Ukraina ekialdean tropa errusiarrak sartu izanaz arduratuta agertu da Europar Batasuna, eta areriotasunak "berehala" albora uzteko eskatu dio Errusiari, Ukrainara militarrak bidaltzea barne.
"Normala denez, oso arduratuta gaude azken gertaerengatik, eta zonaldean gertatzen ari denari buruz iristen den informazioagatik", esan du Maja Kocijancic EBko Kanpo Politikako eta Segurtasuneko Goi Ordezkariaren bozeramaileak.
"Errusiari beste behin eskatzen diogu edozein motatako areriotasunak baztertu ditzan. Horren barruan sartzen da, noski, armen eta ekipoen trafikoa eta Errusiako militarrak Ukrainara bidaltzea", esan du Catherine Ashtonen bozeramaileak.
Europar Batasunak Ukrainako krisiari erantzuna ematearen "beharra" azpimarratu du, lurraldearen batasuna eta burujabetasuna "erabat" errespetatzea bermatzeko.
EBko Estatu eta Gobernu buruek Ukrainako azken gertaeren inguruan eztabaidatuko dute larunbatean Bruselan egingo den ezohiko bileran.
100 soldadu errusiar hil ziren abuztuaren 13an
Ehun soldadu errusiar baino gehiago zendu ziren abuztuaren 13an, Ukraina ekialdean izandako eraso batean, Vladimir Putin presidente errusiarraren Giza Eskubideen Kontseiluko bi kidek gaur jakinarazi dutenez.