Mundua -
Kanpo Arazoetarako politika
EB Estatu Islamiarra gelditzeko armak Iraki ematea aztertzen ari da
Nahiz eta armak entregatzea estatu bakoitzaren erabakia izan, "garrantzitsua izango da ikustea Batzordea ahalegin horien alde dagoen". Ebolaren agertzea ere hizpide izango dute 28ek.
Erredakzioa
Europar Batasuneko Kanpo Arazoetarako ministroek Irakeko agintariek eta Kurdistango Gobernuak Estatu Islamiarra (EI) geldiarazteko asmoz armak emateko eskaera izango dute hizpide. EBrentzat EI mehatxu da segurtasunerako, Europatik Siriara eta Irakera joandako soldaduengatik, besteak beste.
Frantzia eta Italia armak ematea irmoen babestu duten herrialdeak dira, eta Frantziak gutxi barru entregatuko dituela iragarri du.
Herbehereak eta Txekiar Errepublika ere aztertzen ari dira eskera; Alemania, hasieran zalantzak zituen arren, behar izanez gero armak entregatzeko prest agertu da eta Erresuma Batuak beste herrialdeen armak haraino eramateko hegazkinak eskaini ditu.
Espainiak ez du, momentuz, iritzirik jakinarazi, Gobernutik azaldu dutenez.
Nahiz eta armak entregatzea estatu bakoitzaren erabakia izan, "garrantzitsua izango da ikustea Batzordea ahalegin horien alde dagoen, Kurdistango eta Bagdageko Gobernuari babesa emateko", esan du EBko diplomaziako goi mailako kargudun batek.
Ebola ere, aztergai
28 ministroek ebolaren agertzea Afrikan ere aztertuko dute, Espainiak hala eskatuta, Miguel Pajares elizgizon espainiarra hil ostean. Pajares Europara aberriratutako ebolaren lehen hildakoa izan da.
Espainiako Gobernuak "aurrerantzean ebolan arreta handiagoa jartzea" defendatu du, eta horretan "denak" alde daude, aipatutako iturriaren arabera. Edonola ere, ukatu du 28ek birusaren kontrako neurririk hartzea ostiralean.