Mundua -
Gazako Zerrenda
72 orduko su-eten berria iragarri dute Gazarako
Israeldarrek eta palestinarrek 72 orduko su-eten berria lortu dute, eta astelehen goizaldean jarriko da martxan.
Erredakzioa
Azken datuen arabera, Egiptok 72 orduko su-etena lortzeko israeldarren eta palestinarren arteko onarpena lortu du.
Ohar labur baten bitartez, Israelgo Gobernuak azaldu du Israelek baietza eman diola “72 orduko su eten bat onar dezan Egiptok eginiko eskaerari”. Beste aldetik, Hamas mugimenduak azaldu bat egin duela Egiptok proposatutako neurriarekin, nahiz eta egunean zehar erakunde horretako hainbat buruzagik ezeztatu duten zentzu horretan atera diren informazio ezberdinak.
Iturrien arabera, datozen orduetan israeldar delegazio bat Kairora iritsiko da palestinar ordezkariekin negoziatzen jarraitzeko. Egiptoko Atzerri Ministerioak eginiko eskaeraren ostean iritsi da su eten berri hau. Egiptok bihartik aurrera su-eten berri bat errespeta dezatela eskatu die.
Batzar ezberdinak egunean zehar
Palestinar ordezkaritzak batzar bat egin du Kairotik helarazitako proposamena aztertzeko. Zentzu horretan, Azam al Ahmedek, Al Fatahko buruzagiak, azaldu du Israel aldez aurretiko baldintzak jartzen saiatzen bada, berehala baztertuko dutela negoziatzen jarraitzeko aukera.
Azken su-etenak iraun zuen bitartean, palestinarrek dokumentu bat helarazi zioten Israeli. Bertan, presoen askapena, Gazaren blokeoarekin bukatzea, portu baten eraikuntza eta aireportu bat izateko aukera eskatzen zuten.