Mundua -
Gaza
Israelek berriz bonbardatu du Gaza, su-etena amaitu eta gero
Israelek eta Hamasek ez dute akordioa lortu tregoa luzatzeko. Su-etenaren amaierarekin "desengainu handia" hartu duela adierazi du Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak.
Erredakzioa
Israelek eta Gazako milizia armatuek adostutako 72 orduko su-etena amaitu egin da gaur goizean, 08:00etan (07:00ak, Euskal Herrian), Kairoko negoziazioetan aldeek ez baitute akordiorik lortu hura luzatzeko.
Tregoa bukatu eta minutu gutxira, Jihad Islamiarra suziriak jaurtitzen hasi da berriz Israelen aurka, eta, handik eta ordu batzuetara, Israelgo Armadak Gazaren aurkako bonbardaketei ekin die. Ondorioz, ume bat hil da, eta beste 11 pertsona zauritu dira.
Bien bitartean, milaka pertsona etxetik ihes egiten hasi dira Gazako iparraldean eta hegoaldean, Israelgo Armadak bonbardaketei ekingo diela jakinda.
Horren ildotik, Hamas berriz ere suziriak jaurtitzen hasiko balitz, "indartsu" erantzungo luketela ohartarazi zuen Israelgo Gobernuko ministro batek, Kairon negoziatzen ari zirela.
72 orduko epea agortu baino lehen, Hamasek dagoeneko aurreratu zuen ez zuela tregoa luzatuko, Israelek errefusatu egin baititu bere aldarrikapenak.
Hain zuzen ere, mugimendu islamiarrak Gazako blokeoa bertan behera uztea eta portu bat eraikitzea jarri zituen baldintza gisa, biztanleek ez baitute elikagairik, edateko urik eta beste hainbat oinarrizko zerbitzurik.
Israel su-etena luzatzeko prest agertu zen, baina orain arteko baldintzetan. Hau da, errefusatu egin ditu Hamasen eskaerak, eta bere helburu bakarra Hamas desarmatzea dela esan du.
Azken egunetan, Israelgo Armadak 30.000 erreserbista etxeratu ditu, Kairoko negoziazioak arrakastatsuak izango zirela pentsatuta. Dena dela, 50.000 soldadu ditu oraindik Gazako mugan, erasoaldia edozein unetan berriro abiatzeko prest.
Orain arte, Israelek 1.800 palestinar hil ditu. Horietako % 85 zibilak dira, eta 400, umeak. Milizia palestinarrek, aldiz, 67 soldadu israeldar hil dituzte.
Erasoaldian, Israelek guztiz suntsitu du Gaza, eta eskolak, NBEren egoitza humanitarioak, ospitaleak, etxebizitzak, hedabideen egoitzak, hondartzak eta parkeak bonbardatu ditu.
Uztailaren 8an hasi zen Israelgo Armada Gazari eraso egiten, errepresalia gisa, Zisjordanian hiru gazte israeldar bahitu eta hil zituztelako. Lurralde hori Al Fatahren esku badago ere, Tel Aviveko Gobernuak Hamasi egotzi zion krimena.
Hamasek, bere aldetik, ukatu egin du hilketekin zerikusirik duela, baina mugimendu islamiarrak erbestean duen buruzagietako batek txalotu egin ditu.
Ban, etsita
Su-etenaren amaierarekin "desengainu handia" hartu duela adierazi du gaur Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak. Indarkeria gelditzeko eta tregoa iraunkor bat negoziatzeko eskatu die Banek aldeei.
"Ekintza militarrak berehala baztertzeko eskatu die idazkari nagusiak aldeei; izan ere, egoera humanitario lazgarria gehiago okertu dezakete Gazan", esan du Farhan Haq NBEko idazkari nagusiaren bozeramaileak.
Bozeramailearen arabera, Banek "Israelen aurkako kohete jaurtiketak gaitzetsi ditu" eta "gatazkan harrapatuta dauden zibilen sufrimendua eta heriotza onartezina" dela uste du.