Mundua -
Krisia Ukrainan
Errusia AEBetako eta EBko igaro-hegaldiak debekatzea aztertzen ari da
Bestalde, Moskuri zigorrak ezarri zizkioten estatuetako elikagai ustelkor guztien inportazioa debekatu du Errusiak ostegun honetan. Errusiarekin lankidetza bertan behera uztea erabaki du NATOk.
Erredakzioa
Errusia Amerikako Estatu Batuetatik eta Europar Batasunetik datozen igaro-hegaldi guztiak debekatzea aztertzen ari da. Ukrainako krisia dela eta, Mendebaldeak ezarritako zigorrei erantzuteko beste modu bat izango litzateke. Kremlinak Ukrainako hegaldiak debekatu ditu dagoeneko.
"Europako eta AEBetako konpainien igaro-hegaldiek Asia ekialdeko eskualdeetara joateko gure herrialdeko aire-eremua erabiltzeko debekua izango litzateke", adierazi du Dmitri Medvedev Errusiako lehen ministroak.
"Neurri horiek berehala ezarriko ditugunik ez du esan nahi, baina mahai gainean daude jadanik", erantsi du Medvedevek. "Neurri oso gogorrak dira, noski. Baina aipatu behar ditugu", azaldu du Gobernuko buruzagiak, Errusiako albiste-agentzien arabera.
"Neurriak aplikatuz gero, mendebaldeko konpainien gastuek gora egingo lukete", esan du lehen ministroak.
Elikagaien inportazioa
Bestalde, Errusiak Mendebaldeko nekazaritza eta elikadura sektoreari kolpe gogorra eman dio gaur; izan ere, Moskuri zigorrak ezarri zizkioten estatuetako, besteak beste, Espainiako, elikagai ustelkor guztien inportazioa debekatu du.
Europar Batasuna, AEB, Australia, Kanada eta Norvegiako "txahalkia, txerrikia, barazki eta ortuariak, frutak, arraina, gaztak, esnea eta esnekien inportazioa erabat debekatzea erabaki du Errusiak", Medvedevek iragarri duenez.
Langile bat esnekiak jartzen San Petersburgeko supermerkatu batean. Argazkia: EFE
Horrela, Errusia Latinoamerikako estatuetan merkatu alternatiboak bilatzen ari da jadanik, produktu horiek erosi ahal izateko.
Errusiaren erabakia deitoratu du Europako Batzordeak. Horrela, EBk erantzun bat ematea ez du baztertu.
"Errusiako Federazioaren erabakia deitoratzen du Europar Batasunak. Erabakiaren atzean arrazoi politikoak daude, argi eta garbi", salatu du Frederic Vincent Europako Batzordearen bozeramaileak prentsaurrekoan.
NATOk, Errusiarekin lankidetza bertan behera
Anders Fogh Rasmussen NATOko idazkari nagusiak ziurtatu duenez, Errusiarekin lankidetza bertan behera uztea erabaki du Aliantza Atlantikoak. Bestalde, Ukrainari emandako laguntza areagotuko dutela iragarri du.
"Errusiarekin lankidetza bertan behera utzi du NATOk (...) eta Ukrainarekin lankidetza areagotzea erabaki du", adierazi du Rasmussenek Kieven. NATOko idazkari nagusia Alexandr Turtxynov Ukrainako Parlamentuaren presidentearekin bildu da.
"NATOko kide guztien defentsa kolektiboa sendotzea" erabaki dute aliatuek, Rasmussenek erantsi duenez. Errusiak Ukrainako lurraldetasunaren aurka emandako pausoak gaitzetsi ditu Rasmussenek.