Mundua -
UNICEF-en datuak
400 ume hil ditu Israelek Gazan, eta 2.500 zauritu
370.000 umek premiazko laguntza psikologikoa behar dute. NBEk gerra krimenen erantzukizuna onartzeko eskatu dio Israeli.
Erredakzioa
Ia 400 ume hil eta 2.500 zauritu ditu Israelgo Armadak Gazan, Unicefen arabera. Gainera, 370.000 adingabek premiazko laguntza psikologikoa behar dute.
"Erasoaldiak hondamendia ekarri du umeen artean. 392 haur hil dira, eta 2.502 zauritu", zehaztu du Pernille Ironsidek, Unicefek Gazan duen bulegoaren buruak. Proportzionalki, AEBetan 200.000 ume hil izan balira bezala dela azaldu du.
Ironsidek gogorarazi duenez, Gazan ez dago argindarrik, eta ura edangarri egiteko sistemek ez dute funtzionatzen. Horregatik, gaixotasun kutsakorrak eta diarrea (bost urtetik beherako umeen artean hilgarria da) agertzeko arriskua oso handia da.
"Gazaren tamaina kontuan hartu behar da: 45 kilometro luze da, eta 6 eta 14 zabal; ez dago norbait hil ez zaion familia bakar bat ere", esan du.
Era berean, suntsipena "erabatekoa" dela salatu du. "Anputazioak eragiten dituzten arma beldurgarriak erabili dituzte; eta hori dena umeen begien aurrean gertatu da; lagunak eta gurasoak hiltzen ikusi dituzte".
"Kontuan izan behar dugu zazpi urteko ume batek hiru erasoaldi (2008-2009koa, 2012koa eta oraingoa) bizi izan dituela. Pentsatu zer-nolako ondorioak izango dituzte zer gertatzen den ulertzen ez duten ume txikienek", deitoratu du.
"Ez litzateke inor harritu beharko ume horietako batzuek bide erradikala jarraitzen badute; gure erantzukizuna da hori galaraztea", amaitu du.
NBEk gerra krimenak egotzi dizkio Israeli
Bestalde, Navi Pillay Giza Eskubideen NBEko goi komisarioak Gazan egindako ·"gerra krimenen erantzukizuna" onartzea eskatu dio Israeli.
"NBEren sei eskolari egin diete eraso, eta gatazkatik eta gerra krimenetatik ihesi hara babes bila joan ziren hainbat emakume, ume eta gizon zibil hil ziren", nabarmendu du.
Horren esanetan, "zibilak artatzeko erabilitako instalazio humanitarioen eta langileen aurkako erasoak nazioarteko legedi humanitarioaren urraketak eta gerra krimenak dira".
Pillayk Gazan hildakoak 1.800 baino gehiago direla gogorarazi du, baina, hala ere, zenbakiok ez dutela benetako tragedia islatzen ohartarazi du. Izan ere, "familia osoak hil dituzte, eta kalean jolasten edo babes bila ari ziren umeak".
NBEren ordezkariak Hamasek Israelen aurka jaurtitako suziriak ere gaitzetsi ditu, eta hala hiru zibil israeldar hil izana deitoratu du.
Erresuma Batuko Estatu idazkari batek dimisioa eman du
Testuinguru honetan, Sayeeda Warsio Erresuma Batuko Atzerri estatu idazkariak dimisioa eman du, Londresko Gobernuak Gazako sarraskien aurrean erakutsitako jarrera dela eta. Izan ere, "zibil errugabeen sarraskiak" galarazteko esku hartzea eskatzen zion Exekutiboari.
Warsik Twitterren egin du iragarpena, Erresuma Batuko Gobernuak palestinarren eta israeldarren arteko gatazkan duen politika "jasaten" ez duela argudiatuta.
Estatu idazkari ohia David Cameron lehen ministroari Israelen aurrean irmoago agertzea eskatu zioten diputatu kontserbadoreetako bat da.
Cameronen Gobernuan dagoen lehen emakume musulman bihurtu zen 2010. urtean.