Mundua -

Israelen etengabeko erasoak

Gazan osasun hondamendia dagoela salatu du NBEk

Ospitaleen herenak, 14 klinika eta 23 anbulantzia erabili ezinik geratu dira erasoen ondorioz.

Palestina Gaza
Palestina Gaza
Nazio Batuen eskola bati eraso dio Israelek

1:25

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi duenez, azken asteetan Gazako Zerrendaren kontrako oldarraldiek "blokeatzeko zorian" utzi dituzte osasun zerbitzuak eta instalazioak Palestinako eremuan, eta hondamendia dagoela esan du.

"Osasun zerbitzuen hondamendia eta hondamendi humanitarioa dagoela ikusten ari gara", esan du James W. Rawley Okupatutako Lurralde Palestinarretan dagoen NBEko koordinatzaile humanitarioak. "Erasoak eten egin behar dira berehala", gaineratu du.

Gainera, ohar baten bidez esan dutenez, "zeharo kezkatuta" daude osasun instalazioen eta medikuen babes faltagatik, eta eremu horretan bizi diren 1,8 milioi palestinarrek osasun zerbitzuak izateko dituzten oztopoengatik.

Erasoen ondorioz, ospitaleen herenak, lehen mailako arretarako 14 klinika eta 29 anbulantzia erabili ezinik geratu dira.

NBEren datuen arabera, gutxienez osasun zerbitzuetako bost pertsona hil dira operazioetan zeuden bitartean, eta dozenaka zauritu. Gainera, langileen % 40 inguru ezin dira lantokietara heldu, eta horrek lehen mailako arretarako zentroen erdiak ixtea ekarri du.

Beste 71 hildako igandean

Gutxienez 71 palestinar hil ditu Israelek Gazako Zerrendan igande honetan egindako erasoetan, Palestinako Osasun iturriek jakitera eman dutenez.

Erasoaldirik odoltsuena Rafah hirian izan da; bertan gutxienez 10 zibil hil dira NBEren eskola baten kontra egindako bonbardaketa batean, eta dozenaka zauritu.

Osasun Ministerioak 1.834ra igo du hildako palestinarren kopurua, eta 9.500era zaurituena, uztailaren 8tik hona.

Kairoko negoziazioak

Palestinako talde nagusietako ordezkariek bitartekari egiptoarrekin negoziazioak hasi dituzte igande honetan Kairo hirian. Momentuz, Israelek ez du ordezkaritzarik bidali Egiptora.

Palestinako milizia guztiek dokumentu bat adostu dute eta Egiptoko ordezkariri eman diote. Palestinarren eskaera nagusiak su-etena izenpetzea, soldadu israeldarrak Gazatik erretiratzea, Gazako blokeoa altxatzea eta presoak askatzea dira.

Egiptok palestinarren baldintzak helaraziko dizkio Israeli. Benjamin Netanyahuren Gobernuak ez du ordezkaririk bidali Kairora eta Gazaren kontrako operazioarekin jarraitzeko asmoa agertu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko azken minutuko albisteak NBE argazkiak Gazako bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Israel albisteak Palestina albisteak Ekialde Hurbileko albisteak