Mundua -

Gazaren aurkako erasoaldia

Beste su-eten odoltsu bat Gazan

Palestinako miliziek ustez soldadu bat harrapatu dute su-eten, eta Israelgo agintariak erasoaldia areagotzea aztertzen ari dira orain. Alde biek su-etena hautsi izana leporatu diote elkarri.

Israelek Gazaren aurka abiatutako erasoaldia. EFE
Israelek Gazaren aurka abiatutako erasoaldia. EFE
Gaza: 72 orduko su-etenak bi ordu eskas iraun du

1:23

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelek eta Hamasek bart adostutako 72 orduko su-eten humanitarioa lehertu egin da indarrean sartu eta ordu gutxira, Gazan tregoak oso ahulak diren erakusle.

08:00etan (07:00ak, Euskal Herrian) hasi da su-etena, baina handik eta ordu batzuetara Israelgo Armadak amaitutzat eman du, Hamasek suziri batzuk jaurti dituela argudiatuta. Hori dela eta, berriz ekin die bonbardaketei, eta gutxienez 70 pertsona hil ditu. Egiptoko mugatik gertu, Rafah herrian, egin ditu erasoak.

Hamasek, baina, Israelgo Armadari egotzi dio tregoa hautsi izana, horien tankeek tiro egin dutela azaldu baitu.

Israelgo soldadu bat harrapatu dute

Palestinako miliziek ustez soldadu bat harrapatu dute su-eten humanitarioan, eta Israelgo agintariak erasoaldia areagotzea aztertzen ari dira orain. Alde biek su-etena urratzea leporatu diote elkarri.

Barack Obama AEBetako presidentearen hitzetan, Hamasek su-etena hautsi du, indarrean sartu "eta minutu batzuk geroago". Bestalde, "bahitutako" soldadua baldintzarik gabe aske uzteko eskatu du.

Gazako Zerrendako miliziek egindakoa ordainduko dutela esan dio gaur Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak John Kerry AEBetako Estatu idazkariari, palestinarrek Israelgo soldadu bat harrapatu eta gero.

"Gure herritarren kontra eraso terroristak egiten dituzten eta suntsitu nahi diguten aurka beharrezko pauso guztiak emango ditu Israelek", adierazi dio Netanyahuk Kerryri.

Bestalde, su-eten humanitarioaren urraketa gaitzetsi du Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak. Gainera, harrapatutako Israelgo soldadua berehala askatzeko eskatu du Banek.

Azken gertakariak ikusita "desengainu handia" hartu duela esan du Banek. "Oso kezkatuta" azaldu da.

Bertan behera

Su-etenaren berri Nazio Batuen Erakundeak (NBE) eta AEBk eman zuten bart. "Su-etena indarrean sartu baino lehen, neurriz jokatzeko deia egin nahi diegu aldeei, eta behin indarrean dagoenean, hura errespetatzeko", adierazi dute agiri bateratu batean.

Horien esanetan, su-etena "funtsezkoa" da "errugabeei arnasa emateko", herritar zibilek "premiazko laguntza humanitarioa" jasotzeko, hildakoak hobiratzeko, zauritutakoak zaintzeko eta elikagaiak erosteko.

Gainera, Banek eta Kerryk azaldu dutenez, ordezkari israeldarrek eta palestinarrek bake-negoziazioak egingo dituzte Kairon, eta Egiptok bitartekari lanak egingo ditu.

Orain arte, Israelek 1.400 palestinar baino gehiago hil ditu Gazan, duela 24 egun erasoaldia abiatu zuenetik. Biktima gehienak zibilak dira. Bestalde, milizia palestinarrek 61 soldadu israeldar inguru eta bi zibil hil dituzte.

63 soldadu hil dituzte

Bestalde, bi soldadu israeldar hil eta beste bat desagertu da milizia palestinarrek egindako erasoan, Israelgo Armadak jakitera eman duenez. Azken bi hildako hauekin, 63 dira uztailaren 17tik hildako soldadu israeldarrak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albiste garrantzitsuak Gazako argazkiak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Israel Zer gertatzen ari da gaur Palestinan? Ekialde Hurbileko albisteak Hamas albisteak