Mundua -

Gazaren inbasioa

Kerry eta Ban Ki-moon, su-etena lortu nahian

Su-etena lortzeko eta indarkeriari amaiera emateko Egiptoren ekimena aldarrikatu dute AEBetako Estatu idazkaria eta NBEko idazkari nagusiak.

Gaza
Gaza
Ban Ki-moon eta John Kerry, su-etena lortu nahian

3:13

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

John Kerry AEBko Estatu idazkariak esan duenez, Gazan su-etena lortzeko esparru bakarra Egiptok egindako proposamena da, eta Hamas mugimendu palestinarri proposamena onartzeko eskatu dio.

"Hamasek aukeratu behar du, eta horrek Gazan eragin handia izango du", esan du Kerryk Kairon egindako prentsaurreko batean. "Oraindik lana egiteko dago", nabarmendu duenez.

"Konponbide bat ahalik eta lasterren" aurkitzeko itxaropena du AEBetako agintariak. Horretarako, datozen egunetan lanean eta elkarrizketak izaten jarraituko dutela erantsi du.

Bestalde, Ekialde Hurbilean martxan diren negoziazioek Hamasen eta Israelen arteko indarkeria laster etetea espero du Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak.

"Negoziazioek emaitzak emango dituztela espero eta uste dut eta laster borrokak amaituko dira", esan du Banek Ramalan.

Koreako diplomatikoaren arabera, Egiptoren proposamenak "su-etena lortzeko perspektiba oparoena du", baina momentuz Hamasek ez du onartu.

Al Jazeeraren eta AP agentziaren egoitzei eraso egin diete

Israelgo hegazkin militar batek Al Jazeera telebista katearen eta AP albiste agentziaren egoitza bonbardatu du, baina ez da inor zauritu. Gaza hiriko erdigunean dagoen eraikin bateko azken solairuan zegoen egoitza.

"Akatsa izan omen da, baina bertara berriro ez gerturatzeko aholkatu digute", azaldu du langileetako batek.

Israelek 'Ertz Babeslea' operazioa abiatu zuenetik 609 palestinar hil eta 3.720 zauritu dira. Horien artean, "154 haur, 58 emakume eta 38 adineko daude", Al Qedraren arabera.

Israelek ospitalea bonbardatu du

Israelek Al Aqsa Ospitalea bonbardatu du Gazan, eta gutxienez lau pertsona hil ditu bertan, Maan informazio agentzia palestinarrak jakinarazi duenez. Tankera honetako bigarren erasoa da.

Hain zuzen ere, misil batek osasun zentroaren hirugarren solairua jo du. Hainbat ebakuntza-gela eta zainketa berezien gela daude bertan. Gaixo guztiak ebakuatu behar izan dituzte.

Eraso honekin, dagoeneko 584 dira Israelek hildako palestinarrak, eta 3.600dik gora zauritutakoak, azken balantze ofizialaren arabera.

Hildakoen artean, 154 umeak dira, eta 23, adinekoak. Zauritutakoen artean, 1.125 haurrak dira, eta 144, adinekoak.

Bestalde, 100.000 pertsonak ihes egin behar izan dute, NBEk zehaztu duenez.

Israeldarren aldean, 27 soldadu eta zibil bat hil dira lurreko inbasioa hasi zutenetik. Horrez gainera, Israelgo Armadak ohartarazi du Gazan soldadu bat desagertu dela, baina ez dute horren izenik zabaldu. Gazara beste sei soldadurekin batera sartu zen, eta operazioan denak hil ziren. Dagoeneko gorpuak aurkitu dituzte, eta, hortaz, zazpigarren militarra ere hilda egon daitekeela adierazi du Israelgo Gobernuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko azken ordukoa Ameriketako Estatu Batuak argazkiak NBE albisteak Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Eguneko albisteak Israel albisteak azken ordukoa Palestina Ekialde Hurbila Hamas gaur