Mundua -

Gatazka Ekialde Hurbilean

Israelen erasoaldiak 51 hildako eta 450 zauritu utzi ditu Gazan

Gazatik jaurtitako bi kohete Dimonan erori dira, baina ez dute kalterik eragin, ezta biktimarik ere. Dimonan Israelgo zentral nuklear nagusia dago.

Israelgo Armadak Palestinaren aurkako eraso militarrarekin jarraitzen du. EFE
Israelgo Armadak Palestinaren aurkako eraso militarrarekin jarraitzen du.
Bonbardaketetan 51palestinar hil dira, gehienak zibilak

1:30

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 51 palestinar hil, horien artean zenbait ume, eta 450 baino gehiago zauritu dituzte Israelen bonbardaketek Gazako Zerrendan, Maan Palestinako albiste-agentziak jakitera eman duenez.

Albiste-agentziak iturri medikoak aipatuz azaldu duenez, asteazken honetan 22 pertsona hil dira, horien artean sei emakume eta bederatzi haur. Gainera, beste bi ume desagerturik daude. Al Maghazi errefuxiatu-eremuaren aurkako erasoan familia berdineko beste hiru kide hil dira.

Israelgo Armadak Twitter sare sozialean jakitera eman duenez, 'Babes Bazter' operazioa astearte goizaldean hasi zenetik Hamasen 550 instalazio bonbardatu dituzte. Jomugen artean "31 tunel eta 60 kohete-jaurtigailu" aipatu ditu Armadak.

Bestalde, Palestinako miliziek 200 kohete baino gehiago jaurti dituzte Israelen aurka, 50 bat asteazken honetan. Horrela, sirena-hotsak Zichron Yaakoven entzun dituzte Israelgo biztanleek, Gazatik 125 kilometrora.

Gainera, Gazatik jaurtitako bi kohete Dimonan erori dira, baina ez dute kalterik eragin, ezta biktimarik ere. Dimonan Israelgo zentral nuklear nagusia dago.

Palestinako lurraldetik, berriz, 225 kohete jaurti dituzte. 40 bat gelditzea lortu dituztela eta horietako batzuk Tel Avivera zuzenduta zihoazela zabaldu du Haaretz egunkariak. Asteartean kohete batek Jerusalemen jo zuen.

Kargu-hartzeak

Gazako Zerrendan, Palestinako milizien aurkako operazioak areagotuko dituztela ohartarazi du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak. Armada "edozein aukerarako prest" dagoela esan du Netanyahuk, baina lurretik erasoa abiatuko ote duten ez du argitu.

Era berean, Gazaren aurkako erasoa garesti ordainduko duela ohartarazi dio Sami Abu Zuhri Hamaseko bozeramaileak Israeli.

"Okupatzaile israeldarrak urrunegi joan dira eta marra gorri guztiak zeharkatu dituzte; izan ere, ehiza-hegazkin bonbaketariek etxebizitzei eraso egin diete eta emakumeak eta umeak hil dituzte", azaldu du Hamaseko bozeramaileak.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko azken berriak Gazako Zerrenda Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Israel albisteak azken ordukoa Palestina azken orduko albisteak Ekialde Hurbila gaur