Mundua -
Liskar gogorrak
Su-etena adostu dute Hamasek eta Israelek
BBCk jakitera eman duenez, Egiptoren bitartekaritzari esker lortu dute akordioa, azken asteotako borrokaldiari amaiera ematea helburu.
Erredakzioa
Hamasek su-etena deitzeko akordioa egin du Israelgo Gobernuarekin, Egiptoren bitartekaritza medio, azken asteotako borrokaldiari amaiera emateko, BBC telebista-kate britainiarrak talde islamiarreko iturriak aipatuta jakitera eman duenez.
Iturri horien arabera, islamiarren eta Egiptoko agintarien arteko "etengabeko harremanak arrakastatsuak izan dira, eta ondorioa Hamasen eta Israelen arteko su-etena izan da". "Datozen orduotan iragarriko dute ofizialki su-etena", gaineratu du iturriak.
Hori horrela, palestinarrek ez dute koheterik jaurtiko Israelen kontra, Benjamin Netanyahuk aireko bonbardaketak bertan behera utziko dituela bermatzen badu.
Su etena "akatsa" dela uste du Atzerri ministroak
Avigdor Lieberman Israelgo Atzerri ministro ultraeskuindarrak Hamasekin Gazan su etena adostea "akatsa" dela adierazi du gaur.
"Eskua eman behar diegu terrorea sortu eta babesten dutenei, eta horrek Hamaseko liderrak hartzen ditu barnean. Helburua direla jakin behar dute", adierazi du Liebermanek.
"Su etenari buruz mintzatzen garen bitartean, Hamasek Tel Avivera iritsi daitezkeen suziriak egiten jarraitzen du. Konponbidea aurkitu beharrean, arazoa atzeratzen baino ez gara ari. Hori ez da Hamasi eman behar diogun erantzuna", gehitu du ministroak.
Eraildako gazte palestinarra agurtu dute Jerusalemen
Milaka pertsona bildu dira gaur Jerusalem ekialdeko Suafat auzoan, asteazkenean eraildako gazte palestinarrari azken agurra emateko. Ustez, muturreko judutarren mendekuaren biktima izan zen gaztea.
"Martirien odolak berriro erosiko gaitu" oihukatuz, tentsio giroan, aurpegia estalitako gazteak, adinekoak, emakumeak eta haurrak batu dira auzo palestinarrean, 16 urteko Mohamed Abu Khderagurtzeko. Haren hilotza erreta eta indarkeria zantzuekin agertu zen Jerusalemgo baso batean.
Gorpua agertu zenetik, 300 pertsona baino gehiago zauritu dira Jerusalemen, palestinarren eta Israelgo poliziaren arteko erasoetan. Arabiarrek Ramadan hilabete sakratuko lehen ostirala ospatuko dute gaur.