Mundua -
Israel
Netanyahu: “Hamasek ordaindu egingo du, gaur ez bada, bihar”
Milaka pertsona bildu dira eraildako hiru gazte israeldarren aldeko hiletetan. Ekainaren 12an desagertutako gazteen gorpuak atzo agertu ziren Zisjordanian.
Erredakzioa
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak hitz eman du Hamasek “ordaindu” egingo duela Zisjordanian bahitutako hiru gazte israeldarrengatik eta Gazako zerrendan jaurtitako suziriengatik, “gaur ez bada, bihar”.
Halaxe adierazi du segurtasun kabinetearekin bildu aurretik eskaini duen prentsaurrekoan. Kabinetean, hiru gazteen hilketaren aurrean nola erantzun eztabaidatuko dute. Nerabeen gorpuak atzo agertu ziren Hebrondik gertu, ekainaren 12an ustez Hamasek bahitu eta gero.
“Hamas da arduraduna, Hamasek ordainduko du eta Hamasek ordaintzen jarraituko du”, hitz eman du Netanyahuk. Lehenago, Eyal Yifrach, Gilad Shaer eta Naftali Frenkel gazteen hiletetan izan da, Simon Peres presidente israeldarrarekin batera.
“Ez gara isilik geldituko eta ez gara geldituko haietako azkena harrapatu arte”, adierazi du lehen ministroak bahitzaileen bilaketaren inguruan. “Gaur ez bada, bihar, guztiak harrapatuko ditugu. Hori da gure lehen misioa, eta bete egingo dugu”, esan du.
Hileta jendetsuak
Milaka pertsona bildu dira gaur arratsaldean eraildako hiru gazte israeldarren aldeko hiletetan. Ekainaren 12an Zisjordanian bahitu zituzten nerabeak, eta atzo agertu ziren haien gorpuak, Hebrongo auzo palestinar bateko fosa batean.
19 urteko Eyal Yifrachen eta 16 urteko Gilad Shaer eta Naftali Frenkelen aldeko hiletak arratsaldean hasi dira, bakoitzarena bere herrian: Talamon, Nof Ayalon eta Eladen, hain zuzen.
Hiru ekitaldietan milaka israeldar batu dira, eta bertan izan diren Benjamin Netanyahu lehen ministroaren Gobernuko ministroek azpimarratu dute errudunak zigortu egingo dituztela.
“Eyal, Gilad eta Naftali bihozgabe batzuek bahitu eta hil zituzten, judutarrak izate hutsagatik. Odol hotzean hil zituzten gure aurka ahitu arteko gerra goratzen duten haiek”, esan du Moshe Yaalon Defentsa ministroak, Israelek erruduntzat duen Hamas mugimendu islamistari zuzenduz.
Yaalonek adierazi duenez, "Israelek ez du atsedenik hartuko bahitzaileak Justiziaren aurrera eraman arte", Shai Piron Hezkuntza ministroak esan duen modura.
Hiru gazteen desagerpenak zonaldeko tentsioa areagotu du, oraindik ez baitago argi Israelgo Gobernuak zein pauso emango duen edo Gazako zerrendan Hamasen aurkako operazioa martxan jarriko duen.
Ministroen Kontseiluan desadostasun larriak egon arren, gehienek zail ikusten dute Netanyahuk zerrendan eraso militarren alde egitea. Bart, Israelgo gerra hegazkinek hutsik zeuden 34 zonalde islamdar bonbardatu zituzten.
Eraso horiek Israel hegoaldearen aurka jaurtitako hogei suziriekin dute lotura, eta ez gazteen erailketarekin, hedabideen arabera. Bien bitartean, Zisjordaniako erasoetan bi palestinar hil dira azken orduetan.
Eyal Yifrah: 'Bahitu egin naute!'
Hiru gazte judutarraren bahitzaileek auto barruan tiro egin zuten, Eyal Yifrahk poliziari deitu ziola ohartu zirenean.