Mundua -
Israel
Bahitutako hiru gazte israeldarren gorpuak aurkitu dituzte
Gazteak pasatu den ekainaren 12an desagertu ziren. Israelgo Segurtasun Kabineteak larrialdiko bilera deitu du; bitartean, istilu larriak bizi dituzte Hebronen.
Erredakzioa
Israelgo Armadak ekainaren 12an desagertutako hiru gazte israeldarren gorpuak aurkitu ditu Hebrondik gertu, Zisjordanian.
Eladen (Israel) bizi zen 19 urteko Eyal Yifrah, Talmoneko (Zisjordania) 16 urteko Gilad Shaar eta adin bereko Nof Ayaloneko (Israel) Naftali Frenkel israeldar-estatubatuarra dira hildako gazteak.
Desagerpenaren ostean, “Nire Anaiaren Guarda” operazioa jarri zuen abian Israelgo Armadak, informazio gehiago lortu asmoz. Harrezkero, sei palestinar hil dira, tartean adingabe bat, eta 118 zauritu eta 471 atxilotu izan dira. Militarrek Zisjordaniako 2.200 leku miatu dituzte gazteen bila.
Larrialdiko bilera Segurtasun Kabinetean
Israelgo Gobernuaren Segurtasun Kabineteak larrialdiko bilera deitu du, hiru gazteen gorpuen aurkikuntzarekin lotuta. Halaber, Israelgo Poliziak 3. mailara igo du alerta egoera.
Azken orduetan, Israelgo Ejertzitoak Hebron iparraldeko Halhul zonaldean lurreko eta aireko zaintza areagotu du, gazteak desagertu ziren lekutik gertu. Han, gatazka piztu da soldaduen eta herritarren artean.
Istilu larriak Hebronen
Ejertzito israeldarraren eta palestinarren arteko istilu larriak bizi dira Halhulen, Hebronetik gertu, Israelgo hedabideek jakinarazi dutenez. Bertan topatu dituzte ekainaren 12an desagertutako hiru gazteen gorpuak.
Netanyahu: 'Hamasek hilketagatik ordainduko du'
Benjamin Netanyahu lehen ministro israeldarrak gaur adierazi du Hamas mugimendu islamistak “ordaindu” egingo duela hiru gazte judutarren hilketagatik. Desagertuen gorpuak Zisjordiako Hebron hiriko eremu batean agertu dira.
“Hamas da arduraduna, eta Hamasek ordaindu egingo du”, esan du lehen ministroak, Segurtasunerako ministroen batzordearekin egindako larrialdiko bileran.
Hamasen erantzuna
Hamasek, bestalde, hilketen inguruan Israelek emandako bertsioaz ez fidatzeko deia egin du, haren hitzetan Hamasen kontrako erasoa justifikatzeko asmoa baino ez baitu Israelek.
Abasek urgentziazko bilera deitu du
Mahmud Abas Palestinako presidenteak bertako buruzagien urgentziazko bilera deitu du, egoera aztertzeko.