Mundua -
Ez dute zantzurik
Bi palestinar hil ditu Israelek, desagertuak bilatzeko sarekada batean
Netanyahuk esan du Hamas bahiketaren erantzulea dela baieztatzen duen "froga" duela. 350 lagun atxilotu, zenbait pertsona hil eta 1.300 etxebizitza miatu ditu dagoeneko Israelek.
Erredakzioa
Israeleko Armadak bi palestinar hil ditu eta beste 11 zauritu azken orduotan, Zisjordaniako Nablus eta Ramala auzoetan, Hamasen kontra abiatutako operazioan, orain dela bederatzi egun hiru gazte judu desagertu ostean.
Palestinarretako bat Ramala auzoan hil dute, Indar juduak etxebizitza bat miatzera zihoazenean haien bidea oztopatzeagatik. Bestea gaitasun urriko pertsona zen, eta noraezean zebilen Israeleko Armadak ziharduen auzo batean; hortaz, bertan tirokatu eta hil egin dute, Maan albiste agentziak zabaldu duenez.
Gainera, beste 11 palestinar zauritu dituzte eta 10 atxilotu; "Gure anaiak itzul gaitzazue" Israelek orain dela bederatzi egun hiru gazte judu desagertu eta gero abiatutako operazioaren baitan.
Israelek Hamasi leporatu dio hirurak bahitzea, nahiz eta duten zantzu bakarra den gazteetako batek egindako deia, bahitu zutela esanez.
Bilaketa operazioan parte hartu duen soldadu judu baten arabera, 350 lagun atxilotu, zenbait pertsona hil eta 1.300 etxebizitza miatu ditu dagoeneko Israelek.
Indar juduak noraezean dabiltza, zantzurik eta frogarik ez dutelako, eta azken 24 orduetan isurbideak eta hodiak miatzen ari dira, bertan ezkutatu dituzten baieztatzeko.
"Ziurtasun handiko froga"
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak Hamas hiru gazteen desagerpenaren erantzule dela esan du berriz ere eta ziurtatu egin du "ziurtasun handiko froga" duela, eta zenbait herrialderekin partekatzen ari dela.
"Bahituak etxera ekartzen, bahitzaileak topatzen eta haien organizazioaren kontra egiten ari gara buru belarri. Hamas guzti honen erantzule dela baieztatzen duen froga daukagu", esan du Netanyahuk Ministro Kontseiluaren bileraren hasieran.
"Gutxi barru informazio hau plazaratuko da" eta, ohartarazi duenez, momentu horretan, "praktikan frogatuko dira" Mahmud Abas Palestinako presidentearen adierazpenak, zehaztu du.