Mundua -

Genevan bilduta

AEBk, Ukrainak, Errusiak eta EBk Ukrainarentzat akordioa adostu dute

AEBk, Ukrainak, Errusiak eta Europak Ukrainako legez kanpoko talde guztien armagabetzea erabaki dute, baita herrialdearen mendebaldean jazotako istiluetan parte hartu zutenei amnistia ematea ere.

John Kerry eta Seguéi Lavrov bilera hasi aurretik. Argazkia: EFE
Kerry eta Lavrov EFE
Ukrainako krisiari amaiera emateko akordioa lortu dute

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Amerikako Estatu Batuetako, Errusiako, Ukrainako eta Europar Batasuneko ordezkariek Ukrainako tentsioa baretzeko akordioa adostu dute gaur Genevan. Adostutakoak ondorengoak dira: legez kanpoko talde guztien armagabetzea, Errusiaren alde daudenak euren esku dituzten Ukrainako erakin publikoetatik irtetea, manifestarientzako amnistia, heriotz delituak dituztenentzat ezik, eta Ukrainako Konstituzioa moldatu ondoren, bi aldeen artean elkarrizketa “nazionala eta irekia” hastea.

OSCE erakundea arduratuko da bide-orriaren ezarpena gainbegiratzeaz, nahiz eta oraindik ez den data zehatzik ezagutzera eman. Bileran parte hartu duten ordezkariek, ordea, “berehala” hasteko nahia agertu dute. Sergéi Lavrov Errusiako Atzerri ministroak ekimenaren arrakasta bermatzeko Errusiaren babes osoa baieztatu du.

Neurri hauek guztiekin batera Konstituzioaren erreforma egingo da Ukrainan, “elkarrizketan alde guztiek parte hartu dezaten”, adierazi du John Kerry AEBko Estatu idazkariak.

Akordio arrakastatsua

“Akordio arrakastatsua dela uste dugu. Onartutakoa aurrera eramaten denean solilik izango dute paperean jasotako hitzek zentzua. Hitz horiek ekintza bihurtu behar dira. Lana ez da oraindik amaitu, eta erabakitakoa ezarri bitartean ez da amaituko”, zehaztu du Kerryk Catherine Ashton Europar Batasuneko Atzerri gaietarako arduraduranekin batera eman duen prentsaurrekoan.

Estatu idazkariak zehaztu duenez, “gaurko akordioa hasiera besterik ez da”. “Hasierako pausoak dira, bilera berrietan sendotu eta zehaztuko diren pausoak”, esan du.

Gaurko bileran Ukrainako istiluen ondoren sortu den energia krisia eta Errusiaren aurka nazioarteak ezarritako zigorrak ez direla aztertu zehaztu du Kerryk.

“Gure ustez, ezarritako zigorrak moldatzeko goiz da oraindik. Baina etorkizunean aldaketarik bada, gaia mahai gainean jarriko dugu”, adierazi du. “Gure helburua hemen, Genevan, ez da izan inori mehatxu egitea. Ukrainan elkarren aurka zeuden aldeei ate bat ireki nahi izan diegu”, baieztatu du.

Konstituzioaren erreforma

Genevako bileran Ukrainako Konstituzioaren erreforma ere adostu dute, eta Kerryk gai hori hizpide izan du, besteak beste, prentsaurrekoan.

Konstituzioaren erreformari ekingo dio Ukrainak, denek parte hartuko duten prozesua izango da, gardena eta argia eta guztien arteko elkarrizketa bilatuko du”, baieztatu du Kerryk.

Kerry eta Ashtonen aburuz, “Ukrainak hartutako konpromisoak bertan behera bota ditu Errusiak orain arte Errusiaren aldekoei babesa eskaintzeko erabili izan dituen argudioak”.

Kieveko Gobernuari ardura eskatu dio Lavrovek

Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak, bestalde, Ukrainako egungo Gobernuaren esku utzi du akordioaren arrakasta. “Ukrainako jarduneko Gobernuari keinu bat egin behar zaio, ardura bere esku dagoela jakin dezan”, adierazi du Lavrovek bileraren amaieran.

Atzerri ministroak NATOk hartu berri dituen neurriak kritikatu ditu, “Ukrainako neutraltasuna apurtzen du, eta herrialdea Aliantzara gerturatu”. “Horrelako aldaketek krisiari amaiera emateko saiakeretan eragin dezakete”, baieztatu du.

“Ez dugu uste akordio honek Ukrainako egungo agintarien zilegitasuna bermatzen duenik”, gaineratu du Errusiako Atzerri ministroak. “Bilera honetan Moskuk Kieveko agintari berriei zilegitasuna ematen diela uste dute mendebaldeko herrialdeek, baina ez da horrela”, amaitu du.

Tentsioa baretzen ari da

Genevan adostutako akordioaren ildora, Errusiaren aldekoek baieztatu dute eraikin ofizialak utziko dituztela eta armak emango dituztela akordioaren puntuak Kieveko Independentzia plazan daudenei ere eragiten badie. Joan den azarotik ehunka pertsona Kieveko enparantza ezagunean daude.

Bien bitartean, pixkanaka tentsioa baretzen ari da Ukraina ekialdeko hirietan. Arratsaldean bi manifestazio egin dira Donetsk hirian, Errusiaren aldekoek eta Ukrinaren aldekoek deituta. Ez da istilurik izan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak 2024 Batasun europarra Ukraina azken orduko Ameriketako Estatu Batuak berriak Errusia albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Errusia-Ukraina gerra azken ordukoa