Mundua -

Genevan bilduta

Ukraina, Errusia, AEB eta EB, konponbide baketsua adostu nahian

Bilera bukatzen denean, ordezkariek Ukrainan tentsioa baretzeko adostutako bideak aurkeztuko dituzte.

Lugansk Ukraina
Lugansk Ukraina
Ukraina ekialdeko tentsioa arintzeko ahaleginetan ari dira Genevan

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ukraina, Errusia, AEB eta EBko diplomaziako ordezkarien arteko bilera 11:00etan hasi dute, Ukrainako ekialdeko tentsioa baretzeko helburuarekin.

Lau aldeak bildu baino lehen, John Kerry AEBko estatu idazkariak bakarkako bilerak egin ditu, Catherine Ashton Europako Kanpo Politikako arduradunarekin, eta Andriv Deschchitsia eta Sergeui Lavrov Ukrainako eta Errusiako Atzerri ministroekin, hurrenez hurren.

Aurreko hiru bilerak laburrak izan dira, 30na minutukoak, eta ez dute hitz egindakoaren daturik jakinarazi; AEBko zenbait iturriren arabera, asmoa baita zehaztasunik ez ematea lauren arteko bilera bukatu arte.

Lau aldeen arteko bilerak lau ordu inguru irautea aurreikusi dute, baina baliteke apur bat gutxiago irautea, aipatutako iturrien arabera.

Ondoren, Ukrainan tentsioa baretzeko adostutako bideak jendaurrean aurkeztuko dituzte.

Hiru errusiazale hil dira eraso batean

Baretzetik urrun, tentsioak gora egin du azken orduetan Ukraina ekialdean. Arsen Avakov Barne ministroak jakinarazi duenez, Errusiaren aldeko hiru lagun hil dituzte, 13 zauritu eta 63 atxilotu, Mariupolen, herrialdearen ekialdean, kuartel militar baten aurkako erasoan.

Gobernutik esandakoaren arabera, 300 bat errusiazalek su-bonbekin eraso diote kuartel militar bati. Ondorioz, gutxienez hiru lagun hil dira, eta hamar bat zauritu.

Nazioartea, Genevari begira

Ukrainako Gobernuaren aurka egiten jarraituz gero, AEBk eta Europak, biek ala biek erantzungo dutela ohartarazi dio Barack Obamak Vladimir Putini.

Krimea bere eginda, Errusiak Ukrainako subiranotasuna eta lurralde batasuna "bortxatu" dituela adierazi du buruzagi estatubatuarrak. Eta, jarrera horretan atzera egin ordez, errusiazaleak babestuta, Ukraina hegoaldean eta ekialdean tentsioa handiagoa izan dadin laguntzen ari dela salatu du.

Hori dela eta, Kieveko Gobernuaren aurka ari diren ukraniar errusiazaleak babesteari uzteko eskatuko dio Washingtonek Moskuri.

Diplomazia, azken aukera

Herrialdeko egoera lehengoratzeko, baina, diplomaziaren bidea jorratu nahi dute Europak eta AEBk. John Kerry Estatu idazkaria Genevara bertaratu da, Europarekin, Errusiarekin eta  Ukrainarekin goi bileran parte hartzera.

OBAMA EITB

Estatu Batuak ez du Errusiarekin gatazka militarrik nahi; "eurek ez dute gerrarik nahi eta guk ere ez", nabarmendu du Washingtonek.  Gauzak horrela, gaurko goi-bilera gerra zibila gelditzeko azken aukera bezala hartu dute nazioarteko adituek.

Dena dela, Errusiaren aurkako zigor neurriak ezartzeko asmoarekin doaz  Estatu Batuak Genevako bilerara: "zigor gehiago ditugu esku artean, eta indarrean jarriko ditugu beharrezkoa bada", adierazi du Jay Carney Etxe Zuriaren bozeramaileak.

The New York Times egunkariaren arabera, Errusiako pertsona garrantzitsuen zerrenda egina du AEBk, eta  bidaiatzeko edo diru-kontuak erabiltzeko murrizketak jar diezazkieke, gatazkak konponbiderik izan ezean.

NATO

Bestalde, Anders Fogh Rasmussen NATOko idazkari nagusiak asteazken honetan jakinarazi duenez, Europa ekialdeko herrialdeetan babesa indartuko du "airez, lurrez eta itsasoz", hain zuzen ere, Ukrainako krisiaren aurrean Aliantzako herrialdeak babesteko.

 

Ucrania EFE

"Hegazkin gehiago egongo dira zeruan, itsasontzi gehiago itsasoan, eta bitarteko gehiago lurrean", adierazi du Rasmussenek kazetarien aurrean. Halaber, Ukrainako krisiari aurre egiteko "bide bakarra" politikoa dela nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak gaur Europar Batasuna 2023 Ukraina gaur Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Errusia albisteak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Errusia-Ukraina gerra azken ordukoa NATO