Mundua -

Krisia Ukrainan

Ostegunera atzeratu dute Ukrainako Gobernua izendatzeko bozketa

Kieveko Parlamentuak hartu du erabakia, talde politikoek akordioa lortzeko denbora gehiago izan dezaten. Klitxkok dagoeneko iragarri du presidentegai izango dela hauteskundeetan.

Protestak Ukrainan. Argazkia: Efe
Protestak Ukrainan.
Ostegunera arte atzeratu dute Gobernu eraketa Ukrainan

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ukrainako Parlamentuak ostegunera atzeratu du batasun nazionaleko gobernuari buruzko bozketa, talde politikoek hitz egiteko eta akordioa lortzeko denbora gehiago izan dezaten.

"Batasun nazionaleko gobernuaren inguruko bozketa ostegunean izango da", adierazi du Oleksandr Turtxynov Parlamentuko eta Ukrainako jarduneko presidenteak. Bozketa gaur zen egitekoa.

Ukraina prozesu politiko berri batean murgilduta dago Parlamentuak otsailaren 22an Viktor Janukovitx presidentea kargutik kentzea onartu ostean. Presidente ohiak akordioa egin zuen oposizioarekin manifestarien eta Poliziaren arteko liskarrak amaitzeko, dozenaka pertsona hil ondoren borrokaldietan, eta hurrengo egunean kargugabetu zuten.

Klitxko, presidentegai

Vitali Klitxko oposizioburu eta boxeolariak iragarri du hautagai izango dela maiatzaren 25erako deitu dituzten hauteskunde presidentzialetan.

"Ukrainako presidente izateko hautagai izango naiz, ziur bainago Ukrainan joko arauak aldatu behar direla. Justizia egin behar da. Ziur nago posible dela", adierazi dio Kiltxkok prentsari.

Gaur hasi da presidentetzarako hauteskunde-kanpaina, eta oraindik zalantza bat da nagusi: Yulia Timoshenko lehen ministro ohia, larunbatean libre utzi zutena, hautagai izango ote den.

Errusiak ez du barne gaietan eskua sartuko

Serguei Lavrov Errusiako Atzerri Gaietarako ministroak hitzeman du ez dutela eskua sartuko Ukrainako barne gaietan.

"Ukrainako barne gaietan eskua ez sartzeko printzipioa berretsi dugu, eta denek logika horrekin bat egitea espero dugu", adierazi du prentsaurreko batean Lavrovek.

Horren harira, ministroak azpimarratu du elkarrizketarako garaia dela Ukrainan, eta ez dela "unea aprobetxatu eta aldebakarreko abantailak lortzeko garaia", mendebaldeko herrialdeei erreferentzia eginez.

Barrosok EBrekin elkarlanean aritzeko deia egin du

Bestalde, Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak Europar Batasunarekin elkarlanean aritzeko deia egin dio Errusiari, Ukraina "batua eta egonkorra" lortzeko.

Era berean, Kievek egonkortasun demokratikoa lortzeko egonkortasun ekonomikoa behar duela eta horretarako nazioarteko komunitatearen laguntza ezinbestekoa dela adierazi du, Europako Parlamentuan emandako hitzaldi batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak EB Ukraina azken orduko Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak