Mundua -
Ukrainako krisia
Europar Batasuneko diplomazia burua Kieven izango da gaur
Kieven egingo dituen bileretan, krisi politikoa gainditzeko balizko konponbide iraunkorrak jorratuko dituzte.
Erredakzioa
Catherine Ashton Europar Batasuneko diplomazia burua Kieven izango da astelehenean, eta Ukrainako bi aldeekin elkartuko da krisi politikoari konponbide iraunkorra aurkitzen saiatzeko.
Halaber, Kieven egingo dituen bileretan egoera ekonomikoa egonkortzeko balizko neurriak jorratuko dituzte, Europako Batzordeak azaldu duenez.
Ashtonek erantzukizunez jokatzeko eta elkarrizketaren bideari eusteko eskatu zien bi aldeei.
Azaldu zuenez, Europar Batasuna Ukrainako egoera politikoa adi-adi jarraitzen ari da. Hiru hilabeteko protesten ostean, atzo Ukrainako Parlamentuak Viktor Yanukovich kargutik kentzea eta hauteskundeak aurreratzea erabaki zuen.
Bestalde, Yulia Timoshenko Ukrainako lehen ministro ohia eta oposizioko buruaren askatzea aurrerapausotzat jo du Ashtonek.
Ukrainaren lurralde batasuna aldarrikatu dute Merkelek eta Putinek
Angela Merkel Alemaniako kantzilerra eta Vladimir Putin Errusiako presidenteak telefonoz hitz egin dute igande honetan, eta bi buruzagien iritziz, Ukrainak lehenbailehen gobernu egonkorra aukeratu behar du. Halaber, Ukrainako lurralde batasuna mantentzearen alde agertu dira.
Steffen Seibert Alemaniako Gobernuaren bozeramaileak azaldu duenez, bi aldeak Ukrainako egoera gertutik jarraitzekotan gelditu dira.
Putinek zein Merkelek Ukrainaren egonkortasuna nahi dute.
Ukrainako trantsizioa babestea eskatu diote AEBk Errusiari
Ukrainako trantsizioa babesteko eta Errusiaren parte-hartzea ekiditeko eskatu dio John Kerry AEBetako Estatu idazkariak Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroari.
Bi buruzagiek telefonoz hitz egin dute gaur, eta Ukrainako erakunde demokratikoak errespetatzeko eskatu dio Kerryk Lavrovi.