Mundua -
Ukrainako krisia
Ukrainako oposizioa John Kerryrekin bilduko da Munichen
Vitali Klitxko eta Arseni Jatseniuk oposizioko liderrak bihar bilduko dira AEBko Estatu idazkariarekin.
Erredakzioa
Segurtasun Konferentziaren 50. edizioko protagonistetako bat izango da Ukrainako krisia, Munichen.
Vitali Klitxko eta Arseni Jatseniuk Ukrainako oposizioko liderrak John Kerryrekin bilduko dira Ukrainako krisiari buruz hitz egiteko. Gainera, Klitxko Emma Bonino Italiako Atzerri Arazoetako ministroarekin eta Jatseniuk Catherine Ashton Europako Diplomaziaren buruarekin bilduko dira.
Duela bi hilabete hasi ziren Kieveko protestak, Viktor Janukovitx presidenteak Europar Batasunarekin sinatu behar zuen elkartze akordioa atzeratu ostean.
Kiev hiriburuaren erdialdean Europaren aldeko manifestazio eta protestek eraginda, batzarrak egiteko eskubidea eta beste hainbat debekatzen zituzten legeak onartu zuen Parlamentuak, gehiengo ofizialistak, presidentearen alderdiak, bultzatuta.
Hiru egun geroago, istilu larriak gertatu ziren Ukrainako hiriburuan, eta ehunka herritar zauritu ziren eta hainbat hil; sei, oposizioaren arabera, eta hiru, bertsio ofizialaren arabera.
Oposizioak eta Gobernuak tregoa bat sinatu zuten urtarrilaren 23an, istiluak eta protestak geldiarazteko. Oposizioak egindako eskakizun gehienak lortu ditu; hauteskundeak aurreratzea ez, ordea.