Mundua -

Protestak Kieven (Ukraina)

Lasaitasuna Kieven, negoziazio gehiagoren zain

Gaur, Europar Batasuna Handitzeko komisarioa Kievera iritsiko da, bi aldeekin biltzeko.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Negoziazio eguna dute gaur ere Ukrainan

2:03

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ukrainako Poliziak eta manifestariek errespetatu egin dute atzo adostutako tregoaren lehen gaua, hainbat egunez indarkeriak Kieveko erdigunea hartu eta gero. Gaur, negoziatzen jarraituko dute oposizioak eta Viktor Janukovitx herrialdeko presidenteak.

Dena dela, bi aldeek hiriburuko erdigunea kontrolatzen saiatzen jarraitzen dute. Oposizioak barrikada gehiago jarri ditu, tregoa amaitutakoan istiluen aurkako poliziei sarbidea oztopatzeko.

Janukovitxekin batzartu eta gero, Vitali Klitxko oposizioko buruak tregoa larunbata arte luzatzea eskatu die bart manifestariei. Izan ere, horren esanetan, estatuburuak hitza eman die Segurtasun Indarrei su-etena errespetatzeko agindua emango diela.

Horren arabera, agintariak azken egunetako istiluetan atxilotutakoak (100dik gora dira) aske uzteko prest daude.

Klitxkoren eskariak zatiketa ekarri du Grushevski kalean bildu diren manifestarien artean, asko Poliziaren aurka borroka egiten jarraitzearen alde baitaude.

Atzoko negoziazioak bukatu eta gero, Fiskaltza atxilotuekin hartutako behin-behineko neurriak leuntzearen alde agertu zen, betiere manifestariek Poliziaren aurkako borrokak amaitzen badituzte.

Oposizioari Grushevski kalea hustea ere eskatu diote agintariek. Azken egunetan, istilu larriak izan dira bertan (Kieveko Dinamo futbol taldearen estadioa han dago), eta 71 pertsona atxilotu dituzte.

Vitali Zakhartxenko Barne ministroaren esanetan, Poliziak ez du indarrez hustuko Independentzia plaza (manifestarien gotorleku nagusia). Mikola Azarov lehen ministroak, baina, irmo jarraitzen du, eta Kieveko protestak "estatu kolpe saiakera bat" direla gaitzetsi du.

Testuinguru honetan, Stephan Fulle Europar Batasuna Handitzeko komisarioa Kievera iritsiko da gaur, Gobernuaren eta oposizioaren ordezkariekin batzartzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko azken minutuko albisteak Ukraina Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Protestak gaur