Mundua -

Protestak Ukrainan

Ehun milatik gora manifestari bildu dira Kiev erdialdean

Azaroan hasi ziren Yanukovich presidentearen politiken aurkako protestak, eta gaurkoa zazpigarren batzar herrikoia izango da.

Azaroan ekin zieten protestei oposizioko manifestariek. EFE
Azaroan ekin zieten protestei oposizioko manifestariek.
Azaroan ekin zieten protestei oposizioko manifestariek. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehun milatik gora oposiziogile bildu dira Kiev erdialdeko Independentzia plazan. Bertan, ia bi hilabetez jarraian, Viktor Yanukovich presidente ukrainarraren politiken aurkako protestak egiten ari dira oposizioko manifestariak.

Tenperatura baxuak izan arren (zero azpitik hamar graduren bueltan Kieven), herrialdeko plazarik garrantzitsuena hartuta dute opositoreek azarotik. Orduan, Yanukovichek Europar Batasunarekin elkartzeko akordioa atzeratzea erabaki zuen.

Gaurkoa protestak hasi zirenetik manifestariek deitu duten zazpigarren veche edo asanblada herrikoia izango da.

Aste honetan, Ukrainako oposizioko buruek "ordena konstituzionala suntsitzea" eta "boterea usurpatzea" leporatu diote Gobernuari. Izan ere, Yanukovichek lege batzuk onartu berri ditu, tartean, 2014ko Aurrekontu Orokorrak, Parlamentuan eztabaidatu gabe.

Gainera, Gobernuak ahalbidetu dituen legeek biltzeko eta adierazteko askatasunak murrizten dituzte, oposizioaren aburuz.

Catherine Ashton Europako diplomazia buruak Ukrainako oposizioari arrazoia eman zion ostiralean, eta Yanukovichi onartu berri dituen arauak aldatzeko eskatu zion, antidemokratikoak direlakoan.

"Ukrainako presidenteari erabakiak berrikusteko eta nazioartearekin dituen konpromisoei begira zuzentzeko eskatzen diot", adierazi zuen Ashtonek.

Europar Batasuneko kanpo politiken arduradunak azaldu zuenez, lege berriek herritarren oinarrizko eskubideak mugatzen dituzte, eta ez dituzte oinarri demokratikoak eta prozedura parlamentarioak errespetatzen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albiste zirraragarriak Ukraina gaur Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Manifestazioak