Mundua -
Protestak Kieven
Independentzia plaza husteari ekin dio Ukrainako Poliziak
Eraikin publikoetako sarrerak libre uztea dute helburu, manifestari askok bi aste baitaramatzate bertan, sarrera oztopatzen.
Erredakzioa
Ukrainako Poliziak Kiev hiriburuan Gobernuak dituen eraikinak oztopatzen ari diren manifestariak sakabanatzeari eta Independentzia plaza husteari ekin dio astelehen honetan. Egunak daramatza oposizioak han bilduta, Gobernuaren dimisioa eskatzeko.
"Segurtasun indarrak kaleetako manifestariak sakabanatzen hasi dira (...), bertan zirkulazioa blokeatuta baitzegoen. Oraingoz ez da istilurik sortu", esan du Poliziako bozeramaile batek.
Eraikin publikoetako sarrerak libre uztea dute helburu, manifestari askok bi aste baitaramatzate bertan, sarrera oztopatzen. Halaber, Barne Ministerioko indarrek oposizioko kideek bertan ezarritako kanpin-dendak eta barrikadak kentzeari ekin diote.
Gaur bete da eraikinen sarrera desblokeatzeko Ukrainako Poliziak manifestariei emandako epe-muga.
Oposizioa
Oposizioaren arabera, agenteek indarkeria erabili dute, eta Julia Tymoxenko lehen ministro ohiaren alderdiaren egoitzan indarrez sartu dira. "Berkut istiluen kontrako agenteek fusilak daramatzate, eta ateak behera botatzen ari dira", adierazi dute.
Elkarrizketarako proposamena
Bestalde, arazoari irtenbidea eman nahian, elkarrizketarako mahaia osatzea proposatu du Viktor Janukovitx Ukrainako presidenteak.
Igandean, ehunka mila lagun bildu ziren Independentzia plazan, azaroaren 21ean protestak abiatu zirenetik elkarretaratzerik jendetsuenetako batean.