Mundua -

Protestak Ukrainan

Hauteskundeak aurreratzea eskatu dute milaka lagunek Kiev hiriburuan

Oposizioaren arabera milioi bat lagunek parte hartu dute manifestazioan; Poliziaren arabera, ordea, 100.000 pertsonak baino ez. Parte-hartzaileek Nikolai Azaroven Gobernuaren dimisioa eskatu dute.

Dozenaka milaka lagun kalera atera dira Ukrainako hiriburuan. Argazkia: EFE
Dozenaka milaka lagun kalera atera dira Ukrainako hiriburuan. Argazkia: EFE
Manifestariak Kieven zehar martxa bat egiten ari dira

0:49

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka lagunek Ukrainako Kiev hiriburuko kaleak bete dituzte Nikolai Azarov lehen ministroaren eta horren gobernuaren dimisioa eskatzeko, eta parlamentuko nahiz hauteskunde presidentzialak aurreratzea eskatzeko.

Duela astebete Kieveko Independentzia plazan ezarri zuten kanpamentua zutik dago oraindik, eta geroztik bertan lo egiten dute milaka lagunek. Orain, ordea, kanpamentu berriak eraiki dituzte Gobernuak Kieven dituen eraikin garrantzitsuenen sarbideetan.

Ukrainako Segurtasun Zerbitzuek azaldu dutenez, kausa penalak irekiko dituzte "Estatuaren botere hartzen saiatzen direnen kontra". Ukrainako Konstituzioaren arabera, segurtasun nazionalaren kontrako delitua da hori, eta 10 urtera bitartekok kartzela zigorra ezar diezaiekete.

Ukrainako oposizioak probokaziotzat jo du segurtasun zerbitzuaren iragarpena. Halaber, Ukrainako Gobernua salbuespen egoera ezartzeko prestatzen ari dela salatu du Arseni Yatseniuk oposizioko buruak.

Arratsaldean ezezagun talde batek Leninen omenezko estatua sinboliko bat eraitsi dute. Estatuaren enborra kolpatuz hasi dira eta Lenin omenezko estatuari lepoa ere moztu diote, harik eta lurrera bota duten arte.

Batkivshina oposizioko alderdiko kideek salatu dutenez, Ukrainako Gobernua desordena publikoak sortzeko sabotatzaileak erabiltzea aztertzen ari da, gero salbuespeneko egoera ezartzeko aitzakia izateko.

Milaka lagunek protestan jarraitzen dute Ukrainan, bertako gobernuak Errusiarekin harremanak estutzeko eta Europar Batasunetik aldentzeko hartutako erabakiaren aurka.

Bestalde, aurreko astean atxilotutako pertsonak askatzeko eta Poliziaren karga horretan parte hartu zutenak zigortzeko eskatu dute.

Egoera lasaitzeko, Ban Ki Moon Nazio Batuetako idazkari nagusiak Ukrainako presidentearekin hitz egin du telefonoz igande arratsaldean. Catherine Ashton Europar Batasuneko Atzerri Politikako burua, berriz, datorren astean da Ukrainara joatekoa.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko azken berriak Ukraina gaur Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Protestak gaur Hauteskundeak gaur