Mundua -
Mugarik gabeko Medikuak
'Sirian, aldeak laguntza humanitarioa bere alde erabiltzen ari dira'
Aitor Zabalgogeaskoa Mugarik gabeko Medikuak elkarteko kideak Sirian "gertatuko denaren zati bat" soilik ikusi dugula eta gatazkak jarraitu egingo duela esan du, Asiako herrialdetik bueltan.
eitb.com
Aitor Zabalgogeaskoa Mugarik gabeko Medikuak elkarteko kidea abuztuan itzuli zen Siriatik, gatazka armatuak eragin duen egoera Alepo hirian eta inguruan bertatik bertara ikusi eta gero. ETBko kameren aurrean kontatu duenez, hiri normala ematen du Alepok lehen begiratuan, "erritmo bizia du", baina egunero izaten dira, han-hemenka, bonbardaketak, borroka armatuak... eta jateko falta ere agerikoa da.
Osasun arloan ere, eskasia tamainakoa da: behinola ospitaleak egon ziren tokian, lurpean, bonben babesean, 10-15 oheko ospitale txikiak paratu dituzte, orduko eraikinen hondarren azpian, eta oso botika gutxi daude, Turkiatik kontrabandoan sartutako apurrak besterik ez, herrialdeko industria geldituta baitago.
Zabalgogeaskoaren hitzetan, aldeak laguntza humanitarioa armatzat erabiltzen ari dira gerran. Ez dute Gurutze Gorriak eta NBEk kudeatzen duten laguntza "bestaldera", arerioaren kontrolpeko zonaldeetara, pasatzen uzten.
Geroari buruz galdetuta, argi du luze joko duela gatazkak. Aurretik gerra askotan egonagatik, Mugarik gabeko Medikuak elkarteko kideak ez du sekula beste inon horren herra eta gorroto maila handirik ikusi: "Gertatuko denaren zati bat besterik ez dugu ikusi oraingoz. Gainera, arma kimikoak deuseztatzeko akordioak gai horretara bideratu du arreta, eta Gobernuak urtebete gehiago izango du solaskide gisa agertzeko".