Mundua -
Gatazka
EBk onartu du Sirian arma kimikoen erabilerari erantzun bat ematea
Kanpo Arazoetarako ministroak erantzun bat ematearen alde agertu dira, John Kerry AEBetako Estatu idazkariarekin bildu ostean. Halaber, NBEren txostena "ahalik eta arinen" publikatzeko eskatu dute.
Erredakzioa
Europar Batasuneko (EB) Kanpo Arazoetarako ministroek Sirian arma kimikoen ustezko erabilerari "erantzun gogor eta argi" bat ematea onartu dute, John Kerry AEBetako Estatu idazkariarekin bilduta egon eta gero.
"Erantzun argi eta gogor bat nahi dugu", esan du bileraren ostean Catherin Ashton diplomazia europarraren buruak EBren izenean.
Ministro guztiek bat egin dute Bachar al Assaden erregimenak abuztuaren 21eko eraso kimikoaren erantzule dela ustean, Ashtonen esanetan.
Era berean, NBEren txostena "ahalik eta arinen" publikatzeko eskatu eta Françoise Hollande Frantziako presidentearen erabakia txalotu dute. Hollandek NBEren txostena ezagutu arte itxarotea erabaki du.
EBko ministroek Washingtonek eraso egiteko txostena jaso arte itxarotea espero dutela helarazi diote John Kerryri, Carl Bildt Suetziako Kanpo Arazoetarako ministroak prentsaurreko batean esan duenez.
Kerry, pozik
John Kerry AEBetako Estatu idazkariak eskertu nahi izan du EBko ministroek Siriaren inguruan emandako "mezu zuzena".
"Eskerrak eman nahi ditut gure bileraren ostean egindako adierazpenagatik", esan du Kerryk kaztearien aurrean egindako agerraldi arin batean, Vilnan Kanpo Arazoetarako ministroekin bilera egin eta gero.