Mundua -

Siriako gatazka

Putinek Siriaren alde egingo duela esan du, G20ko zatiketaren ostean

11 herrialdek, tartean Espainiak, Siriaren kontrako nazioarteko erantzun sendoa eskatu dute, Etxe Zuriak adierazi duenez. Rajoyk dio NBEren txostenaren ondoren erabakiko duela Espainiak zer egin.

G-20
G-20
Putin: 'AEBek erasoa jo ezkero, Errusiak Siriari lagunduko dio'

1:25

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sirian eraso militarrik baldin badago, Errusiak, ''orain arte bezala'', erregimenari babes ekonomiko eta militarra eskaintzen jarraituko duela aurreratu du Vladimir Putin Errusiako presidenteak.

''Siriari lagunduko diogun jakin nahi duzue? Egingo dugu, egun egiten dugun moduan'', esan du Putinek. "Armak ematen dizkiegu eta maila ekonomikoan kolaboratzen dugu. Laguntza humanitarioaren mailan ere lankidetza indartzea espero dugu'', gaineratu du prentsaurrekoan.

Barack Obama AEBetako presidentearekin hitz egiteko aukera izan duela baina adostasunik lortu ez dutela azaldu du. "Bera ez dago nirekin ados, eta ni ez nago berarekin ados. Baina elkarrizketa bat egon da, elkarri entzun diogu eta bestearen argumentuak aztertzen saiatu gara'', azaldu du Putinek.

Iritzi kontrajarriak G20an

Errusia, Txina, India, Indonesia, Argentina, Brasil, Hegoafrika eta Italia esku-hartze militarraren kontra daudela adierazi du Putinek. Erasoaren alde, berriz, AEB, Turkia, Kanada, Saudi Arabia eta Frantzia agertu direla esan du Errusiako presidenteak.

11 herrialdek Siriaren kontrako ''erantzun sendoa'' eskatu dute

Australiako, Kanadako, Frantziako, Italiako, Japoniako, Hego Koreako, Saudi Arabiako, Espainiako, Turkiako, Erresuma Batuko eta AEBetako gobernuek arma kimikoak erabiltzearen kontra ''nazioartean erantzun sendoa'' eskatu dutela iragarri du Etxe Zuriak, ohar batean.

"Nazioarteri erantzun sendoa ematea eskatzen diogu, arauen urraketa larria den erasoaren kontra mezu argia uzteko'', idatzi dute testu horretan.

11 herrialde horiek sinatutako idatziaren arabera, ''ebidentzia guztiek Siriako erregimena jotzen dute erasoaren erantzule''.

NBEren Segurtasun Kontseiluaren ebazpenari babes osoa ematen diotela azpimarratu dute, baina egun erakunde hori ''geldi'' dagoela salatu dute, ''orain bi urte eta erdi Sirian gerra zibila piztu zenetik bezala''.

''AEBek eta beste herrialde batzuek arma kimikoen debekua ziurtatzeko egindako ahaleginei'' babesa eskaini diete, eta frogak bildu dituzten NBEren ikuskatzaileak ''emaitzak ahalik eta arinen'' kaleratzera deitu dituzte. Segurtasun Kontseiluari, halaber, ''horren arabera jardutea'' eskatu diote.

Rajoyk dio Espainiak NBEren ikerketari itxarongo diola

Ordu batzuk lehenago, baina, Sirian irtenbide ''politiko eta negoziatu'' baten alde azaldu da Mariano Rajoy Gobernuko presidentea, eta Espainiak NBEren ikerketaren emaitzei itxarongo diela aurreratu du.

G20an, Siriaren inguruan zein konpromiso hartu duen azaltzea eskatu dio PSOEk Gobernuari, eta Pedro Morenes Defentsa ministroak ukatu egin du AEBek Espainiari laguntza militarra eskatu izana.

Frantziak ere txostenaren zain

François Hollande Frantziako presidenteak ere iritzi bera plazaratu du, eta NBEren txostenaren emaitzei itxaroteko prest agertu da. ''AEBetako Kongresuaren eta Senatuaren erabakiaren zain gaude orain. Ondoren, NBEren txostenari itxarongo diogu eta, horren guztiaren arabera, hartuko dut erabakia'', azaldu du.

Obamak erasoaren alde jarraitzen du

Barack Obama AEBetako presidenteak esan du Siriaren kontra eraso militarra egin beharraz ziur jarraitzen duela, eta irailaren 10ean gatazkaren inguruko mezua helaraziko diela estatubatuarrei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak 2024 Europar Batasuna Gerra Siria Ameriketako Estatu Batuak albisteak Errusia berriak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Siria albisteak gaur Vladímir Putin argazkiak