Mundua -

Baldintza batzuekin

Siriako oposizioari arma-blokeoa kenduko dio EBk

Abuztuaren 1era arte Estatu kide guztiek armarik ez entregatzeko konpromisoa hartu dute. Bachar al Asaden erregimenaren aurkako zigor guztiak urtebetez luzatzea erabaki dute.

Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB
Siriako oposizioari armak ematea baimendu du EBk

1:02

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Siriako oposizioari ezarritako arma-blokeoa bertan behera utziko du Europar Batasunak maiatzaren 31an, baina abuztuaren 1era arte Estatu kide guztiek armarik ez entregatzeko konpromisoa hartu dute, eta baita baldintza batzuk errespetatzea ere.

Bestalde, Jose Manuel Garcia-Margallo Espainiako Atzerri ministroak baieztatu duenez, Bachar al Asaden erregimenaren aurkako zigor guztiak urtebetez luzatzea erabaki dute.

Londresek, hain zuzen, Siriako oposizioari arma-blokeoa bertan behera uztearen aldeko apustua egin du azken hilabeteetan. Hasiera batean herrialde gehienak horren kontra agertu ziren, baina azken egunetan jarrera aldaketak izan dira, horien artean Espainiarena.

Garcia Margallok adierazi duenez, Espainiako Gobernuak iritzia aldatu du Siriako egoeraren larritasuna ikusita.

Austria izan da Erresuma Batuak eta Frantziak bultzatutako ekimenari kritika eta oposizio gogorrena egin dion herrialdea. Siriako erregimenaren zigorrak hilabete amaieran indarrik gabe geldituko ziren, eta akordiorik ezean, guztiak indarrik gabe geratuko lirateke.

Hainbat ordu negoziatzen egon eta gero, 27 herrialdeetako ministroek ez dute Siriako oposizioari arma-blokeoa kentzearen kontra oposizio bateratua lortu, eta ondorioz, datorren maiatzaren 31n desagertuko da debeku hori, Parisek eta Londresek nahi bezala.

 

Arma kimikoen laginak aztertzen

Frantzia  Bachar al Asaden erregimenak errebeldeen aurka ustez erabili dituen arma kimikoen laginak aztertzen ari da. Le Monde egunkariak astelehenean argitaratu zuenez. Siriako erregimenak arma kimikoak erabili ditu.

Le Mondeko kazetariek Inteligentzia zerbitzuei entregatu dizkiete laginak. Probak egingo dira eta emaitzak datozen egunetan emango dituzte ezagutzera

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko berriak Europar Batasuna Gerra Siria Eguneko albisteak Albisteak Siria Zer gertatzen ari da Ekialde Hurbilean?