Mundua -
Gatazka militarra
Israelen erasoak gerra deklaraziotzat jo ditu Siriak
Damaskoko ikerketa militarrerako zentro bati eraso egin dio Israelek goizaldean, eta 24 orduan Siriako arma-gordategien aurka Israelek abiatutako bigarren erasoa da.
Erredakzioa
Faisal al Mekdad Siriako Atzerri ministro ordeak "gerra deklarazio" gisa hartu du, Israelek ikerketa militarreko gune baten kontra goizaldean egindako erasoa.
CNN AEBetako telebista kateari eskainitako elkarrizketan, "terrorista islamiarrekin" bat egitea egotzi dio Atzerri ministroak Israeli. Gaineratu duenez, ekintza horrek argi erakusten du Israelen eta Siriako oposizioko talde armatuen arteko lotura eta elkarlana. Halaber, Israelen erasoei erantzun egingo dietela azpimarratu du.
Enbaxadak alertan jarri ditu Israelek
Israeleko Gobernuak alertan egoteko esan die enbaxada guztiei Siriako bonbardaketaren ostean egon daitezkeen errepresaliak direla eta.
Halaber, herrialdearen iparraldean alerta maila igo du eta aireko espazioa itxi du. Israelgo Armada alerta egoeran dago, eta misilei aurre egiteko gailuak jarri ditu Libanoko eta Siriako mugan.
Bigarren erasoa 24 orduan
Jamrayaheko ikerketa zentrua suntsitu du Israelek bart, Siriako telebista-kate nazionalak zabaldu duenez. Hala, azken 24 orduetan arma-gordailuen aurka Israelek egindako bigarren erasoa da.
Iranetik ekarritako eta Hizbula alderdi-milizia chii libanoarrarentzako misilak zituek gordailua bonbardatu dute oraingoan, mendebaldeko Inteligentzia agentziak egiaztatu duenez. "Erasoa Fateh-110 misilak zituen gordategiaren aurka izan da, Iranetik ekarritakoak ziren eta Hezbolarentzako armak ziren", azaldu du iturri horrek.
Israelek ez du bere gain hartu erasoa, baina AEBetako hainbat iturrik eta zenbait iturri diplomatikok erasoak baieztatu dituzte.
Israelek behin baino gehiagotan azpimarratu duenez, hartu beharreko neurri beste abiatuko ditu Hizbulak arma kimikoak lortzea ekiditeko. AEBek, berriz, gatazkan parte hartzeari uko egin dio, baina "muga gorria" ezarri du, herrialdean arma kimikoen erabilera, hain zuzen ere.