Gizartea -
Zientzia
Ikerketa batek pankreako minbiziaren "gakoetako bat" identifikatu du
Ikerketak Galectina-1 proteinak tumorearen inguruko zelulen nukleoan, fibroblastoetan, duen papera erakutsi du. Orain jakinarazitakoak "tumore mota honi eraso egiteko estrategia berriak diseinatzeko atea irekitzen du".
Agentziak | EITB Media
Ikerketa batek pankreako minbiziaren "gakoetako bat" identifikatu du. Bartzelonako Mar Ospitaleko Ikerketa Institutua, Bartzelonako Ikerketa Biomedikoen Institutua-CSIC-IDIBAPS, Mayo Clinic, Biologia eta Medikuntza Esperimentaleko Institutua (CONICET, Argentina) eta CaixaResearch Institutek parte hartu dute ikerlanean.
PNAS aldizkariak argitaratu du ikerketa. Galectina-1 proteinak pankrea minbizian tumorea inguratzen duten zelulen nukleoan, fibroblastoetan, duen papera erakutsi du ikerlanak, La Caixa Fundazioak gaur jakitera eman duenez.
"Estroma hori funtsezko pieza da pankreako minbiziaren biologia oldarkorrean, tumore-zelulekin elkarreragiten baitu, zelula horiek babestuz eta sendagaien eragina eragotziz", azaldu du Pilar Navarro Mar Ospitaleko Ikerketa Institutuko eta IIBB-CSIC-IDIBAPSeko ikerketa lantaldeko koordinatzaileak.
Navarrok erantsi duenez, estromaren zelulek, fibroblastoek bereziki, "tumorea elikatzen duten substantziak sortzen dituzte, eta haztea eta barreiatzea errazten dute".
Aurreko ikerketetan lantaldeak Galectina-1en paper garrantzitsua azaleratu zuen minbiziaren garapenean, baina orain aurkitutako funtzio berriek "tumore mota horri eraso egiteko estrategia berriak diseinatzeko atea irekitzen dute".
Judith Vinaixa Mar Ospitaleko ikerketa-zentroko ikertzaileak emaitza horien garrantzia azpimarratu du: "Egiaztatu dugu Galectina-1 delakoak fibroblastoen nukleo zelularrean duen garrantzia".
Gabriel Rabinovich IBYMEko (CONICET) eta CaixaResearch Instituteko ikertzaileak azaldu duenez, ikerketaren "hurrengo urratsak" aplikazio terapeutikoak aztertzea izango dira.