Gizartea -

PARKINSONAREN MUNDU EGUNA

Parkinson gaitzaren 400 kasu diagnostikatzen dira urtero EAEn, eta guztira 8.000 dira

Horren intzidentzia 100.000 biztanleko 8-18 pertsonakoa da EAEn. Datu horien arabera, parkinsona bigarren gaixotasun neurodegeneratibo ohikoena da EAEn, alzheimerraren ondoren.

Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Mugimenduaren Nahasmenduaren Unitatea. Argazkia: Irekia
Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Mugimenduaren Nahasmenduaren Unitatea

Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Mugimenduaren Nahasmenduaren Unitatea. Argazkia: Irekia

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urtero, parkinson gaitzaren 400 kasu diagnostikatzen dira Euskal Autonomia Erkidegoan, eta guztira 8.000 pertsonak dute, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ostiral honetan zabaldutako datuen arabera. Halaber, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Mugimenduaren Nahasmenduaren Unitateak (Barakaldo) 400 gaixo baino gehiago artatu ditu 26 urteko ibilbidean.

55 urtetik gora azaldu ohi da gaitza, eta gizonei emakumeei baino zertxobait gehiago eragiten die.

Gaixotasunaren intzidentzia 100.000 biztanleko 8-18 pertsonakoa da EAEn. Adin taldeen araberako prebalentziari dagokionez, % 0,4koa da 65-74 urtekoen artean, % 4,7koa 75-84 urtekoen artean eta % 2,9koa 85 urtekoen eta hortik gorakoen artean. Datu horien arabera, munduko gainerako tokietan bezala, parkinsona bigarren gaixotasun neurodegeneratibo ohikoena da EAEn, alzheimerraren ondoren.

Gaitzaren ezaugarri klinikoak eta prebalentzia ez dira munduko gainerako herrialdeetakoetatik oso desberdinak EAEn, dardarinaren genean (LRRK2) ematen den euskal mutazioa deiturikoaren kasuan izan ezik. Gene hori Gipuzkoako zenbait udalerritan gaitza duten familia kasuen %50ean ager daiteke.

Parkinsona gaixotasun neurodegeneratibo progresiboa da, eta desgaitasuna eragiten du. Horren sintomarik bereizgarrienak dira borondatezko mugimenduen moteltasuna, zurruntasuna, geldialdiko dardara eta deanbulazioaren alterazioa barne hartzen duten motorrak.

Sintoma motorrez gain, oso ohikoak diren beste sintoma batzuk ere eragiten ditu parkinsonak, hala nola idorreria, usaimena galtzea, nekea, hipotentsio ortostatikoa eta beste nahasmendu disautonomiko batzuk, depresioa eta mina. Halaber, pazienteen % 30ek baino gehiagok dementzia garatzen dute.

Gaur, Parkinsonaren Nazioarteko Egunean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak gaitzaren tratamenduan "arreta espezializatuagoa emateko eta terapia aurreratuenak eskaintzeko konpromisoa" adierazi dute.

Neurologia, neurokirurgia, neurofisiologia eta neurorradiologiako profesionalek osatzen duten Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Mugimenduaren Nahasmenduaren Unitatea parkinsonaren eta mugimenduaren beste nahasmendu konplexu batzuen tratamendu kirurgikorako Espainiako Osasun Sistema Nazionalak egiaztatutako zortzi erreferentzia zentroetako bat da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza EAE Gizartea albisteak Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak gaur Ongizate fisikoari buruzko albisteak