Gizartea -

Euskara

Jendetza bildu da Baionan, euskararentzat justizia eskatzeko manifestazioan

Ostiralean bi pertsona epaituko dituzte, Euskararen Nazioarteko Egunean Justizia Jauregiaren horma batean pintaketa bat egiteagatik.

Baionako manifestazioa. Arg: Asier Arbelaitz, Euskadi Irratia.
Baionako manifestazioa. Arg: Asier Arbelaitz, Euskadi Irratia.

Baionako manifestazioa. Arg: Asier Arbelaitz, Euskadi Irratia.

Asier Arbelaitz | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

1.500 lagun inguru bildu dira igande honetan, 'Justizia euskararentzat. Justizia euskaldunontzat' lelopean egin den manifestazioan.

Euskal Herrian Euskaraz elkarteak antolatuta, ostiralean epaituko dituzten bi kideei elkartasuna agertzeaz gain, euskara jasaten ari den oldarraldia salatzeko manifestazioa izan da. 

11:30ean abiatu da manifestazioa Baionako Justizia Jauregiaren aurretik. 'Justizia euskararentzat. Justizia euskaldunontzat' leloa zeraman pankarta zabaldu dute bertan, eta hura buruan hartuta, manifestazioan joan dira Baionako herriko etxeraino.

Iaz, Euskararen Nazioarteko Egunean, Intza Gurrutxaga eta Gorka Torre ekintzaileek "Justizia euskararentzat" idatzi zuten Baionako Justizia Jauregiaren sarrerako horman.

Ostiralean epaituko dituzte, desobedientzia leporatuta. Epaiketa hori euskararen eta euskaldunen kontrako eraso bat gehiago dela uste dute.

Manifestazioaren aurretik hedabideei egindako adierazpenetan, Gurrutxagak azaldu du zeintzuk izan ziren ekintzaren nondik norakoak: "Baionako epaitegiaren estalpera igo eta 'Justizia euskararentzat' idatzi genuen. Ekintza horren helburua zen gaur egun euskaldunok bizi dugun zapalkuntza bistaratzea, eta salatzea Euskal Herrian ditugun bi konstituzio arrotz horiek euskaldunon hizkuntza eskubideak urratzen dituztela". 

Bestalde, Gorka Torre auzipetuak salatu duenez, "ez da justiziarik euskararentzat, eta hemendik aurrera ere jarraitu behar dugu borrokan". Horren esanetan, "euskara zapaldua da", eta egoera iraultzeko beharra aldarrikatu du: "Jauzi bat egin behar dugu euskarak merezi duen egoera legal egoki bat lortzeko Euskal Herria osoan".

Euskal Herri guztiko jendeak hartu du parte protestan, eta bertan izan dira, halaber, euskalgintzako eta euskal munduko aurpegi ezagun ugari ere.

Peio Dufau Euskal Herria Bai alderdiko diputatuaren arabera, gaurkoa bezalako mobilizazioak "beharrezkoak dira gure euskararen erabilpena babesteko eta legal bilakarazteko". 

Iker Elizalde EH Baiko kontseilaria, berriz, "prest" agertu da, "erasoaldi horiei aurre egiteko". 

Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiaren iritzian, "egoerak behartzen gaitu euskaldunok, euskaltzaleok, euskal hiztunen komunitateko kideok, baina, oro har, esango nuke justizia soziala, gizarte kohesioa eta demokratizazioan sakontzearen alde gauden guztiok kalean egotera". 

Euskal Herrian Euskaraz abestuta amaitu dute manifestazioa, eta argi utzi dute euskararentzat justizia nahi dutela, eta, lortu ezean, kalean topatuko dituztela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskarari buruzko berriak Baionako albisteak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Azken ordukoa protestak Lapurdiko berriak