Gizartea -
NAFARROA
Gizon bat hil da Iruñean, etxean konponketa bat egiten ari zela balkoitik erorita
Mikel Irigoyen (61 urte) da hildakoa, pasa den urtera arte Donibane Kirol Elkartearen presidentea izandakoa.
AGENTZIAK | EITB Media
61 urteko gizon bat hil da Iruñean, atzo konponketa bat egiten ari zela bere etxeko balkoitik erorita.
Ezbeharra igande goizean gertatu zen, 11:45 aldera, Barañain etorbideak eta Urdazubi Monasterioaren kaleak bat egiten duten tokian. Itxura denez, bere etxebizitzako balkoian konponketa bat egiteko eskailera tolesgarri batera igo eta handik kalera erori zen.
Zauritua Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman zuten, politraumatismoekin. Azkenean, ordea, hil egin da.
Mikel Irigoyen (61 urte) da hildakoa, pasa den urtera arte Donibane Kirol Elkartearen presidentea izandakoa (2016-2024). Horrez gain, Nafarroako Kirol eta Aisialdi Entitateen Elkartearen (AEDONA) presidente izan zen.
Donibane Kirol Elkarteak azaldu duenez, pertsona "gakoa" izan da elkartearen hazkundean. Halaber, bere izaera eta nortasuna ere goraipatu ditu.
Bestalde, bere familiak pizzeria ezagun bat izan zuen Donibane auzoan.