Gizartea -
IZENDAPENA
Oier Sanjurjo izango da Nafarroako Ikastolen Elkartearen lehendakari berria
Osasuna futbol taldeko jokalari izandakoak Elena Zabaleta Andresenaren lekua hartuko du. Nafarroako Ikastolen Elkartearen 14. lehendakaria izango da.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Oier Sanjurjok (Lizarra, 1986) hartuko du Nafarroako Ikastolen Elkartearen (NIE) gidaritza, eta 2019tik kargu hori izan duen Elena Zabaleta ordezkatuko du. "Bere ibilbide profesionalean eta bizitzan landutako balio kooperatiboekiko konpromisoa" eta "euskararekin eta euskal kulturarekin duen harreman estua". Besteak beste, ezaugarri horiek nabarmenditu ditu elkarteak, izendapenaren berri emateko zabaldutako oharrean.
"Sanjurjoren figurak" proiektuari "ekarpen handia" egingo diola ez du zalantzarik NIEk: "hezkuntza-komunitate osoaren ongizatean lagunduko du, euskara Nafarroako integrazio, identitate eta aurrerapen tresna gisa sendotuz". Irakasle-ikasketak ditu, eta hori ere balioetsi dute: "taldeak kudeatzeko, lankidetza sustatzeko eta proiektu komun batean batasuna sustatzeko duen gaitasunaren egiaztapena da izendapena".
Euskadi Irratian egindako adierazpenetan, lizarratarrak esan du "militantziatik" emandako urratsa dela, sinetsita dagoelako "ikastolak oso garrantzitsuak direla euskararen sustapenerako". Azaldu du kargua ilusioz hartuko duela, eta "txikitatik etxean jasotako" konpromisotik arituko dela lanean gaineratu.
Haurtzarotik, lotura estua izan du Sanjurjok ikastolarekin. Lizarrako Ikastolako ikaslea izan zen, haren gurasoak bertako langileak ziren garaian. Ondoren, San Fermin Ikastolan egin zituen batxilergoko ikasketak, eta han daude eskolatuta egun bere hiru seme-alabak. "Oierrek bertatik bertara bizi izan zituen Ikastola hezkuntza-sistemaren balioak, non euskara erabiltzen eta maitatzen, kultur aniztasunaren errespetua eta aukera berdintasunaren sustapena ikasi zituen", erantsi dute.
Kirol-ibilbidean erakutsitako "iraunkortasun, apaltasun eta konpromisoa" ere eredugarritzat jo dute, igorritako idatzian, "hezkuntza eta kultura ulertzeko moduan ere islatzen diren ezaugarriak" direla esanda. "Etengabeko ahaleginak eta taldean lan egiteko gaitasunak markatu dute bere kirol ibilbidea, eta balio horiek ezinbestekoak dira erakundearen funtzionamendurako".
1976an sortu zen Nafarroako Ikastolen Elkartea, eta erakunde horren 14. lehendakaria izango da Osasuna futbol taldeko jokalari ohia.
Atzo egindako asanblean, Artekaritza Batzordeko gainerako zazpi kideak ere berritu zituzten.