Gizartea -
Bizkaia
Kosta Zuzendaritzak atzera egin du, eta ez du Sukarrietako Usparitza ontziralekua botako
Ondo bidean, asteartean Espainiako Gobernuaren Bizkaiko Ordezkariordetzan, Bilbon, egingo duten bileran berretsiko dute gaur alkateak emandako albistea.
EITB MEDIA
Ezustekoa hartu dute gaur, igandea, Sukarrietako bizilagunek. Elkarretaratzea zuten deituta, Espainiako Gobernuak Usparitza ontziralekua botatzeko hartutako erabakiaren kontra. Protesta hasi baino lehen iritsi zaie berria, Jaime Orueta alkatearen eskutik: "Kosta Zuzendaritzak atzera egin du ontziralekua eraisteko erabakian".
Dena ondo bidean, asteartean Espainiako Gobernuaren Bizkaiko Ordezkariordetzan, Bilbon, egingo duten bileran berretsiko dute gaur alkateak emandako albistea.
Duela ia 60 urte eraiki zuten ontziralekua, eta auzotarren ikur da ordudanik. Uretara salto egiteko, ontzia hartzeko edo lagunekin solasaldian aritzeko erabiltzen dute. Nortasun berezia du herritarrentzat. Horregatik, inork ez zuen ulertzen Espainiako Gobernua zergatik ote zebilen instalazio hori eraisteko asmotan.
Udala ere asmo horren kontra agertu zen hasieratik, "arrazoirik gabeko" neurri hori bizilagunen kalterako zela iritzita.
Aspaldi piztutako polemika hauspotu zen, gainera, bizpahiru aste geroago Kostako Zuzendaritza Eusko Jaurlaritzak bere gain hartuko zuela jakin zenean.