Gizartea -
Ikuspegiren 2024ko Barometroa
EAEko herritarrek ez dute uste immigrazioa arazoa denik eta eragin positiboa duela diote
Ikuspegik egindako azken inkestaren arabera, EAEko biztanleek uste dute atzerritarrak benetako kopuruaren ia bikoitza direla. Egindako azterlanetan egon da gaindimentsionatzeko joera hori, baina iazko datua inoizko altuena da (% 23,4koa dela uste da, baina benetan % 13,2koa da portzentajea).
E. G. | EITB Media
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) herritarren ustez, immigrazioa ez da gizarte-arazo bat (% 9k bakarrik aipatzen dute) eta, horren ordez, arlo ekonomiko, osasun eta etxebizitza kontuak dituzte kezka iturri nagusi, Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak 2024an egindako Barometroaren arabera.
2007tik urtero egiten du Ikuspegik inkesta EAEko herritarren artean jatorri atzerritarra duten biztanleen pertzepzioak eta haiekiko jarrerak neurtzeko. Azkena iazko martxo eta maiatz artean ondu zuen, 1.200 galdeketa eginda. Azterlanaren arabera, EAEko gizarteak immigrazioa egiturazko fenomenotzat hartzen du. "Herritarren % 82,8k uste dute immigrazioak gora egiten jarraituko duela datozen urteetan", azaldu du Julia Shershneva Ikuspegiren zuzendari eta EHUko Soziologiako irakasleak.
Gainera, azpimarratu duenez, "beste testuinguru batzuetan ez bezala, Euskadin immigrazioa ez da lehentasunezko arazotzat hartzen"; herritarren % 3,8k soilik uste dute immigrazioak beren-beregi eragiten diela.
Eragin positiboa
EAEko gizartearen gehiengo handi batek uste du migratzaileak bertara etortzea positiboa dela, eta arlo ekonomikoan, adibidez, herritarren % 74,9ren iritziz, jatorri atzerritarreko pertsonak ezinbestekoak dira sektore batzuei eusteko. Era berean, EAEko biztanleriak (% 69,6) ez du immigrazioa jotzen soldaten jaitsierarena erruduntzat. Are gehiago, % 66,2ren aburuz, ekonomiak hobeto funtzionatzen du immigrazioari esker. Halaber, gehien-gehienek (% 63-73 bitarte) uste dute migratzaileek ez diotela kalte egiten euskal identitateari, ezta euskararen erabilera eta bilakaerari ere. Gainera, galdetutakoen hiru laurdenen arabera, atzerritar jatorriko pertsonek EAEko bizitza kulturala aberasten dute. Era berean, gehiengo zabal batek (% 71) uste du atzerritarren etorrera funtsezkoa dela zahartze demografikoari aurre egiteko.
Ildo beretik, biztanle gehienak migratzaileei buruzko estereotipo eta zurrumurru negatiboen kontra daude, eta gehiago dira faltsuak direla uste dutenak egiazkotzathartzen dituztenak baino. "Oraindik ere ideia okerrak daude immigrazioaren eta delinkuentziaren, babes sozialeko sistemaren abusuaren edo matxismoaren gorakadaren arteko harremanari buruz, baina joera orokorrak uste horiek gutxiago babesten direla erakusten digu", argitu du Ikuspegiren zuzendariak.
"Estereotipoak gutxi batzuen buruan baino ez daude. Hori bai, adi eta erne ibili behar dugu. Zurrumurru faltsu horiek tabernako, parkeko eta lantokiko elkarrizketa informaletan daude eta. Lagunen artean entzuten dira, eta hori ezin da onartu 2025eko Euskadin", adierazi du Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak.
Migrazio-fenomenoaren uste okerra
Bada Barometroak utzitako beste ondorio adierazgarririk: EAEko biztanleen % 13,2 atzerritar jatorrikoa dira, baina gizartearen ustez, portzentaje hori handiagoa da, ia halako bi izateraino (% 23,4). Azken galdeketa honetan, inoizko portzentajerik altuena atera da arlo horretan: 11 puntuko aldea dago erkidegoan benetan dagoen migratzaile kopuruaren eta ustearen artean, eta 2023ko inkestarekin alderatuta, 2,8 puntu hazi da tarte hori. Dena dela, migratzaileen ehunekoa gaindimentsionatzeko joera hori konstantea izan da Ikuspegiren barometroetan, eta pertzepzioa datu errealaren gainetik egon da beti, nabarmen.
Hori horrela, estatistika ezagutu aurretik, galdetutakoen ia erdiek uste dute migratzaileen kopurua "nahikoa/gehiegi" direla, eta % 41,5en ustez, kopurua "egokia" da
Bada pertzepzioak eta errealitateak bat egiten ez duen beste arlorik, eta atzerritarren jatorriari dagokio. Izan ere, etorkizunean migratzaileen kopuruak hazten jarraituz gero, zer jatorri izango duen galdetzen denean, gehienek magrebtarrak, Saharaz hegoaldeko Afrikakoak eta Latinoamerikakoak aipatzen dituzte, ordena horretan. Estatistikaren arabera, ordea, azken urteotan EAEra etorri diren atzerritar gehienak latinoamerikarrak dira.
Tolerantzia-indizea, 63,54 puntutan
Gauzak horrela, tolerantzia-indizea —EAEko herritarrek immigrazioari buruz duten jarrera orokorra laburbiltzen du— 63,54 puntutan dago (100etik), eta pandemia aurreko balioetan da, horrenbestez. Izan ere, covid-19aren krisian eta Ukrainako gerraren hastapenean goi-goian zegoen indizea (2022an, 69,28ra igo zen).
Shershnevak azaldu duenez, egoera bi horien eraginak "elkartasun olatu aparta" sortu zuen bere garaian, baina orain "jarrerak lehenagoko mailetara itzuli dira, nahiz eta orain arteko datuekin alderatuta hobera egin duten". Izan ere, 2024ko indizeak pandemiaren aurreko barometroaren edizio guztietan (2007-2020) erregistratutako altuena izaten jarraitzen du.
Txostenean antzemandako ideia nagusietako bat gizartean gero eta polarizazio handiagoa dagoela da. "Immigrazioarekiko jarrera inklusiboagoak dituen biztanleria-taldea indartu egin da", adierazi du Shershnevak, eta sektore hori "indizean 75,79 puntura iritsi da batez beste, eta autonomia erkidegoko biztanleriaren ia erdia da", zehaztu du.
Azkenik, migrazio-politikei buruz galdetuta, egoera irregularrean dauden pertsonak erregularizatzearen alde azaldu dira 10etik 8: ia heren batek inongo baldintzarik jarri gabe egitea babesten du, eta erdiek lan-kontratua izatea jartzen dute baldintzatzat. Horrez gain, biztanleriaren % 93,7 asilo-eskatzaileei harrera egitearen alde agertu da, nahiz eta jarrera irekienak gutxitu egin diren Ukrainako gerrak eragindako gizarte-larrialdiaren ondoren. Bakarrik heltzen diren adingabe eta gazteei dagokienez, biztanleriaren % 78,3 integratzea eta gizarteratzea lortzeko behar diren baliabide egokiak jartzearen aldekoak dira.