Gizartea -
NASA
NASAk ondorioztatu du YR4 asteroidea ez dela mehatxua Lurrarentzat
"2024 YR4 asteroidearen inpaktu-probabilitatea % 0,004ra jaitsi da. 2032an Lurraren ondotik segurtasunez igarotzea espero da", adierazi du NASAk.
Agentziak | EITB MEDIA
NASAk jakinarazi duenez, 2024 YR4 asteroidea ez da "mehatxu handia" izango Lurrarentzat 2032an, ezta aurrerantzean ere, azken kalkuluen arabera gure planetarekin talka egiteko probabilitatea minimoa baita.
"2024 YR4 asteroidearen inpaktu-probabilitatea % 0,004ra jaitsi da. 2032an Lurraren ondotik segurtasunez igarotzea espero da", adierazi du NASAk X sare sozialean.
NASAk ohar batean azaldu duenez, asteroideari egindako behaketa berriei esker, Lurretik Gertu dauden Objektuen Ikerketa Zentroko (CNEOS) adituek horren ibilbidearen datu zehatzagoak kalkulatu ahal izan dituzte, eta egiaztatu ahal izan dute ez duela hurrengo mendean Lurrean eragina izateko "potentzial handirik".
"Azken behaketen arabera, are txikiagoa da etorkizuneko ibilbidearen ziurgabetasuna, eta asteroidea 2032ko abenduaren 22an egon zitekeen lekuen tartea Lurretik are urrunago mugitu da", dio oharrak.
Hala eta guztiz ere, 2032an Ilargian inpaktua izateko probabilitatea % 1,7ra igo dela adierazi zuen agentziak, eta "oso txikia" izaten jarraitzen du.
NASAk esan du asteroidea behatzen jarraituko dutela, besteak beste, asteroidearen tamainari buruzko informazioa helburu zientifikoekin lortzeko.
"Asteroide honek jada Lurrari inpaktu arrisku handirik ez dakarkion arren, 2024ko YR4 asteroideak aukera paregabea eman die NASAko adituei eta haiekin lotutako erakundeei planeta defendatzeko zientzia eta jakinarazpen prozesuak probatzeko", dio.