Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Juana Rivasek bere semeen mezuak igorri dizkio Italiako Justiziari, tratu txar gertakarien froga gisa
Duela urte batzuk semeek amari igorritako audio eta testu mezuak dira. Horietako batean, Rivasen abokatuen arabera, seme zaharrenak (orain adinez nagusia da) amari kontatzen dio "aitak jo" egin duela eta anaia gazteari "buruan kolpe gogor" bat eman diola.
AGENTZIAK | EITB MEIDA
Juana Rivasek, bi semeak Francesco Arcuri aita eta tratu txar emailearengandik babestearren aurrena kartzela zigorra eta ondoren indultu partziala jaso zituen emakume granadarrak, bere semeen audio eta testu mezuak bidali dizkio Italiako Justiziari, tratu txar gertakariak frogatzeko. Egun, amarekin bizi dira bi mutilak Granadan, baina epaileak haien zaintza aitaren esku utzi duenez, baliteke 11 urteko anaia gazteak Italiara itzuli behar izatea. Besteak, 18 urte ditu.
Rivasen abokatuek azaldu dutenez, epailearen esku utzi dituzte orain urte batzuk bi mutikoek amari "laguntza eske" igorritako mezuak. Horietako bat 2019koa da eta Gabriel Arcuri anaietan zaharrenak —mezuak zabaltzeko baimena eman du— amari kontatzen dio "aitak jo" egin duela eta "anaia gazteari buruan kolpe gogor" bat eman diola. "(Aitak) besotik hartu eta hormaren kontra jarri ninduen, eta Daniri gauza bera egin zion. Jantzita zuen kamisetatik heldu eta eskaileretara bota zuen. Bizkarrean min hartu zuen eta lurrean negarrez geratu zen", azaltzen du audioan. Halaber, gazteak kontatzen du aitarengandik irainak jasotzen dituztela eta ez diela uzten amari telefonoz deitzen.
Horien berri eman ondoren, Daniel gaztearen zaintza aitaren esku uztea gogor salatu dute Rivasen abokatuek. Gogora ekarri dute Francesco Arcuri indarkeria matxistagatik zigortuta dagoela Espainian, eta auzipetuta, Italian.
Audio eta testu mezuekin batera, mediku txostenak, lesioen argazkiak eta hainbat lekukoren deklarazioak ere utzi dituzte Italiako zein Espainiako epaileen esku. Abokatuek bereziki nabarmendu dute Daniel gazteak urtarrilaren hasieran Granadako epaile baten aurrean egindako adierazpena. Epaileak "sinesgarritasun osoa" eman zion mutilari, eta "babesteko", behin behinean eten egin zuen hura aitaren zaintzapean uzteko erabakia, harik ere auzia argitu arte.