Gizartea -

Indarkeria matxista

Monederok ukatu egin ditu sexu-jazarpenak eta Podemosi eskatu dio "argitu" dezala alderditik atera zen modua

Monederoren hitzetan, "beti" eman du aurpegia, ez dauka "ezkutatzeko ezer", eta erantsi du "dena argitzen denean" emango dituela behar diren azalpen guztiak.

Juan Carlos Monedero, EFEren artxiboko irudi batean.
Juan Carlos Monedero, EFEren artxiboko irudi batean.

Juan Carlos Monedero, EFEren artxiboko irudi batean.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Podemosen sortzaileetako bat izan zen Juan Carlos Monederok ukatu egin ditu leporatzen dizkioten emakumeen kontrako sexu-jazarpenak, eta Podemosek alderditik nola atera zen "argitu beharko" duela esan du; hau da, argitu dezala bota egin zuten edo berak alde egin zuen.

Aste honetan jakin diren bere kontrako akusazioen inguruan galdetuta, Monederok erantzun du ez duela horiekin zerikusirik. Cuatro telebista-kateko "En boca de todos" saioan egin ditu adierazpen horiek.

"Aldeko dut gauza bat, izan ere, nik ez daukat pertsona bat eta pertsonaia bat, pertsona bera baino ez naiz", adierazi du, Iñigo Errejon Sumarreko diputatu ohiari aipamen lauso bat eginez; izan ere, hark, sexu-indarkeria egotzi ondoren eserlekua utzi zuenean, "pertsonaiaren eta pertsonaren arteko kontraesanaren mugara" iritsi zela esan zuen.

"Aurpegia eman dut beti", nabarmendu du Monederok. "Ez dut ezer ezkutatzeko", esan du, eta erantsi du "dena argitzen denean" emango dituela "behar diren azalpen guztiak".

Podemosetik bera joan zen edo alderdiak bota ote zuen galdetu diotenean esan duenez, "Podemosek gauzak argitu beharko ditu". Alderdiaren arabera, salaketen berri izan zuenean baztertu zuten Monedero. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa