Gizartea -
GAZTEAK ETA OSASUN MENTALA
EAEko hiru gaztetik batek laguntza eskatu du osasun mentaleko arrazoiengatik, % 21,8k psikologoarenera jo dute
"Future Game" proiektuak EAEko gazteen osasun mentalari buruz egindako txostenaren arabera, 18-35 urteko gazteen % 24,1ek beren buruaz beste egiteko gogoa izan dute (18 eta 24 urte bitartekoen artean % 30ek), lautik bat bakarrik sentitzen da, eta, % 15, abandonatuta.
O. A. | EITB Media
Euskal Autonomia Erkidegoko 18 eta 35 urte bitarteko hiru gaztetik ia batek laguntza eskatu du azken urtean osasun mentalari lotutako arazoei aurre egiteko, eta % 21,8k psikologoarengana jo dute laguntza eske. Halaber, % 15ek medikazioa hartu dute (Emakumeak gizonak baino gehiago dira, % 19,6 eta % 10,5, hurrenez hurren).
Gazteen erdiek baino gehiagok (% 53) adierazi dute beren osasun mentala ona dela, eta hirutik batek, berriz, erdipurdikoa dela esan du.
Hala ere, EAEko gazteen % 24,5ek onartu dute 15 urte zituztenetik, uneren batean, beren buruaz beste egitea pentsatu dutela. Hala ere, 18 eta 24 urte bitartekoen kasuan portzentaje hori apur bat handiagoa da, % 30ekoa, hain zuzen ere.
Hauek dira "Future game" proiektuak EAEko gazteen osasun mentalari buruz egindako txostenaren ondorio nagusiak.
BBK Kuna gizarte berrikuntzarako guneak eta DOTek egin eta gaur goizean aurkeztu duten inkestaren arabera, EAEko gazte askok ez dute konfiantzazko inor beren arazo eta kezkez hitz egiteko. Lautik bat bakarrik sentitzen da, eta, % 15, berriz, abandonatuta. Aitzitik, inkestatuen erdiek baino gutxiagok badute gertuko norbait beren gauzez hitz egiteko.
Inkestaren beste ondorioetako bat da sare sozialak direla EAEko gazteen adikzio nagusia (% 35,9). Ildo horretan, sareetan igarotzen duten denbora murriztea nahi dutela onartu du ia lautik batek (% 22,4).
Bestalde, EAEko gazteen % 64,5ek uste dute ez dela beren iritzia aintzat hartzen buru osasunari lotutako gaietan. Gainera, osasun mentaleko tratamenduak osasun publikoak bere gain hartu behar dituela iritzi diote inkestan parte hartu duten pertsona ia guztiek (% 87,7).
Fitxa teknikoa
EAEn bizi diren 18 eta 35 urte bitarteko 800 pertsona elkarrizketatu ditu aipaturiko inkesta egiteko.
Galdeketak 2023ko azaroaren 10etik abenduaren 5era bitartean egin zituzten, online egindako elkarrizketen bitartez.