Gizartea -
Eusko Jaurlaritza
GAZ Emantzipaziorako Zerbitzuak EAEko bederatzi udalerritan aurrez aurreko bulegoak zabaldu asmo ditu
Gaur-gaurkoz hiru bulego daude zabalik: Bilbon, Barakaldon eta Gasteizen. Dena dela, 18-30 urteko gazteek kontsultetarako euskarri digitala ere dute eskura: 646 109 126 WhatsApp telefono zenbakian, eta gaz.eus webgunean.
EITB Media
GAZ Emantzipaziorako Zerbitzuak aurrez aurreko hiru bulego ditu zabalik dagoeneko, Bilbon, Barakaldon, eta Gasteizen, eta etorkizunean, EAEko beste bederatzi udalerritan arreta puntuak zabaltzeko lanetan dago Eusko Jaurlaritza. Donostian (bulegoa ez duen hiriburu bakarra) ireki asmo dute bat, baita Gipuzkoako bi udalerri handitan (Irun eta Zarautz); Bizkaian, Getxora, Durangora, Santurtzira eta Enkarterriko mankomunitatera zabaldu nahi dute sarea, eta Araban, Laudiora eta Amurriora.
Hala iragarri dute gaur Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Ongizate eta Erronka Demografikoaren sailburuordeak eta Adrian Lopez Gazteria eta Emantzipazio zuzendariak, zerbitzuaren balantzea egiteko prentsaurrekoan.
GAZ Emantzipaziorako Zerbitzua Eusko Jaurlaritzaren aholkularitza eta laguntza zerbitzu pertsonalizatua da, gurasoen etxetik joateko asmotan dauden gazteei (18-30 urte) zuzendua. Aurrez aurreko bulegoez gain, kanal digitalak daude: 646 109 126 WhatsApp telefono zenbakia, gaz@euskadi.eus helbide elektronikoa eta gaz.eus webgunea.
Besteak beste, enplegurako prestakuntza, graduondo eta ikerketari buruzko informazioa jaso dezakete gazteek, baita enplegua bilatzeko tresnak eta ekintzailetza sustatzeko laguntzei buruzkoak ere. Etxebizitza alorrean, honakoen gaineko informazioa helarazten zaie: alokairuko parke publikoko etxebizitza bat nola eskatu eta alokairuko etxebizitza pribatu bat ordaintzeko laguntza, eta gizarteratzearen arloan dauden laguntzak.
Hain justu, iazko datuen arabera, kontsulten ia gehiena (% 96) etxebizitzarekin lotuta egon ziren, eta oro har, 26-29 urteko pertsonak hurbildu ziren zerbitzura, gehienak (% 65) emakumezkoak. Lurraldeka, kontsulten % 51 Bizkaitik egin ziren; % 34, Gipuzkoatik, eta % 14, Arabatik.