Gizartea -

GUTUN-OLDEA

Debako liburutegiaren haurrentzako ordutegi murriztua aldatzeko Eusko Jaurlaritzak esku har dezan eskatu dute

Bi urtetik beherakoek ezin dute Debako Udal Liburutegian egon, eta bi eta sei urte bitartekoak 16:30etik 17:30era soilik joan daitezke. Adinean gora eginda denbora gehiagoz egon daitezke bertan, baina ordutegi mugak 16 urtera arte aplikatzen dira.

Debako Udal Liburutegia. Argazkia: Debako Udala
Debako Udal Liburutegia

Debako Udal Liburutegia. Argazkia: Debako Udala

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Debako herritar talde bat aspaldidanik ari da mobilizatzen haurrek udal liburutegian sartzeko duten ordutegi murriztua salatzeko. Liburutegia Denontzat taldeak aurrerapauso bat eman du orain eta Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzura —udal liburutegien koordinazioaz eta kudeaketaz arduratzen da— gutun bidalketa masiboa egin du, auzian esku hartzea eskatzeko.

Debako Udal Liburutegian sartzeko hainbat ordutegi daude, adinaren arabera. Bi urtetik beherakoak ezin dira Debako Udal Liburutegian egon. 2 eta 6 urte bitartekoak 16:30etik 17:30era soilik joan daitezke, 7 eta 9 bitartekoak 16:30etik 19:00etara, eta 10-15 urtekoak 16:30etik 19:45era.

Liburutegia Denontzat taldea Debako liburutegia "hobetzeko" asmoz sortu zen. Besteak beste, eskatzen dute udal liburutegia erabiltzeko araudia alda dezaten, herriko umeek eta nerabeek liburutegia gainerako adin taldeek bezala erabiltzeko aukera izan dezaten.

Debako Udalaren erantzuna

Debako Udalak ohar bidez azaldu duenez, "ez du nahi eta ez da polemika gehiagotan sartuko", baina argi utzi nahi du, beste behin, egoera hau ez dela "Udalaren edo udal gobernuaren kapritxo bat".

"Liburutegiak 20 urte baino gehiago daramatza zabalik eta araudia urte horietako esperientzia eta gertakarien isla da eta helburu bakarra du nagusi: espazioa modu errealistan eta erabiltzaile guztientzat ahalik eta modurik onenean kudeatzea", gaineratu du.

Udal liburutegia erabiltzeko araudia aldatuz gero "desoreka berriak" sor daitezkeela ohartarazi du Udalak, eta horrek "dagoeneko mugatua dagoen espazio honetako bizikidetza" zailduko litzateke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Gizartea Eguneko albisteak Deba Albisteak Euskal literaturaren albisteak Umeak