Gizartea -

Sua

Donostiako suteak etxetik aterarazi zituen bizilagun ia guztiak gaur itzuli ahal izango dira etxera

San Martzial kaleko 8. atariaren kasuan, bizilagun guztiak itzuli ahal izango dira, 4C eta 5C etxebizitzetako bizilagunak izan ezik, horiek zigilatuta geratuko dira, eta Etxaide kaleko 6. atariko etxebizitza guztietako bizilagunak itzuli ahal izango dira,

Larrialdi zerbitzuak sutea gertatu zen tokian. Argazkia: EFE
Larrialdi zerbitzuak sutea gertatu zen tokian. Argazkia: EFE

Larrialdi zerbitzuak sutea gertatu zen tokian. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

San Martzial kaleko 8. atariko eta Etxaide kaleko 6.eko bizilagun ia guztiak gaur bertan itzuli ahal izango dira etxera, Donostiako Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

San Martzial kaleko eraikinaren kasuan, bizilagun guztiak itzuli ahal izango dira, 4C eta 5C etxebizitzetako bizilagunak izan ezik.

4C etxebizitza zigilatuta geldituko da, eta bakarrik garbiketa eta eskoramendu lanak egingo dituzten beharginak sartu ahal izango dira, betiere, beharrezkoak diren EPIak erabilita.

Era berean, 5C etxebizitza ere zigilatuta geldituko da, behin jabeek behar dituzten gauzak hartu ondoren.

Etxaide kaleko 6. atariko etxebizitza guztietako bizilagunak itzuli ahal izango dira, 5. eskuina eta 6. eskuina barne, kalteak jasan dituen patioaren ondoko bi etxebizitzak barne, alegia. Hala ere, suak kaltetutako gelak ezingo dira erabili, segurtasun-baldintzak bermatzen diren arte.

Donostiako Udalak adierazi duenez, Udaleko Gizarte Zerbitzuek bazekiten asteazkenean su hartu zuen etxean Diogenes sindromea duen pertsona bat bizi dela, eta haren jarraipena egiten ari ziren.

Asteazkeneko 16:30 baino lehentxeago piztu zen sua San Martzial kaleko eraikin horretan, barruan inor ez zegoela. Garbiketa-lanak egiten ari ziren, barruan objektu asko baitzeuden gordeta, "batez ere zaborra", EFEri adierazi ziotenez.

Gaur lanean jarraitu dute etxebizitzan pilatutako material eta zabor guztia ateratzeko, baina suhiltzaileek alde egin dute jada.

Suteak kalteak eragin ditu gutxienez hamar etxebizitzatan, eta horietako sei "nahiko hondatuta" daude, Martin Ibabe Herritarren Segurtasunerako zinegotziak ostegunean azaldu zuenez. Su hartu zuen etxeko gela batzuetan zaborra atearen parera iristen zen ia, eta suhiltzaileek ezin izan zuten bertara sartu. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Donostia Suteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak