Gizartea -
Migrazioa
Espainiako Gobernuak eta Kanarietakoak ia prest dute migratzaile adingabeak banatzeko akordioa
Espainiako Gazteria eta Haurtzaro ministroak aurreratu duenez, banaketarako irizpideek erkidegoen biztanleria edo errenta hartuko dituzte kontuan, besteak beste. Nerea Melgosa sailburuaren ustez, ituna "berri ona" da, ezarritako irizpideak "politikoak barik teknikoak" baitira.
EITB Media
Kanariaetan eta Ceutan pilatuta dauden bidaiderik gabeko 4.500 migratzaile adingabeak Estatuko erkidegoen artean banatzeko akordioa lantzen ari dira Espainiako Gobernuak eta Kanarietakoak, eta gertu omen dute adostasuna. Testuak 2022ko bilera sektorialean adostutako "ia irizpide guztiak" jasoko lituzke —biztanleria, per capita errenta, langabezia, harreran egindako ahalegina edota biztanleriaren sakabanaketa—, baina hainbat zuzenketa gehituta, Imanol Pradales lehendakariak eta Fernando Clavijok urtarrilean egindako proposamenaren harira.
Sira Rego Espainiako Gazteria eta Haurtzaro ministroak bilera egin du gaur Fernando Clavijo Kanarietako presidentearekin banaketaren irizpideen inguruko xehetasunak aztertzeko. Batzarraren ondotik ministroak azaldu duenez, akordioa gauzatzeko "arlo ekonomikoaren zenbait kontu ebatzi gabe" dituzte, baina nabarmendu du Espainiako Gobernuaren asmoa dela egitasmoa aurrera eramateko "finantzazio nahikoa" izatea.
Ministerioko iturriek jakinarazi dutenez, itunaren arabera, erkidego guztiek jaso beharko dute adingaberen bat, batzuek gehiago eta beste batzuek gutxiago. Horrela, Euskadi eta Katalunia, adibidez, gainezka daudela ikusita, litekeena da erkidego horiek kopuru txikiagoa jasotzea. Dena dela, iturriok ukatu dute EAE eta Katalunia banaketa horretatik kanpo geratuko direla, PPk eta Voxek hori salatu duten arren.
Fernando Clavijo Kanarietako presidenteak ere horixe bera ezeztatu du. "Ukatu egin nahi dut: Katalunia eta Euskadi ez daude akordiotik kanpo. Erkidego bakar bat ez da kanpoan geratuko, baina bada beste konturik: aurretiaz egin duten ahalegina kontuan hartu behar da, ez delako gauza bera jada kolapsatuta dagoen sare batera umeak eramatea", azaldu du.
Horren ustez, bidaiderik gabeko migratzaile adingabeen auzia ez da arazo politiko bat, ezta lurralde batekoa ere, eta garrantzitsuena adingabeen eskubideak errespetatzea dela erantsi du.
Ezarritako irizpideak defendatu ditu Jaurlaritzak
Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuaren ustez, "albiste ona" da akordioa, "lehen pauso bat". Nabarmendu duenez, adostutakoa "Pradales lehendakariak eta Clavijo presidenteak proposatutakoaren ildotik" doa.
Sailburuaren esanetan, migratzaile adingabeak banatzeko irizpideak "teknikoak dira, ez politikoak", eta banaketa "justu eta orekatua" ziurtatzen dute erkidego guztientzat, PPk zuzentzen dituen horientzat ere.
Gogorarazi duenez, orain banaketa hori lantzen jarraitzeko "tresna juridikoa" onartu behar dute (aurrena Gobernuak eta gero Kongresuak). Horren ildoan, baliabide hori "lehenbailehen" garatzea espero du.
Azkenik, Espainiako Gobernuari migrazioaren auziari aurre egiteko egiturazko plana eskatu dio beste behin.